2026-03-19
HomeEkintza SindikalaEnpresa-batzordeen 1500 atxikimendu baino gehiago jaso dira eta ehun mobilizazio baino gehiago...

Enpresa-batzordeen 1500 atxikimendu baino gehiago jaso dira eta ehun mobilizazio baino gehiago daude deituak azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako

Iruñean eta Bilbon agerraldi bana egin dugu gehiengo sindikalak eta mugimendu feministak gaur, greba egunerako astebete falta den honetan.

1.500 enpresa-batzordek baino gehiagok bat egin dute azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin. Era berean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri du greba-egunean ekintza eta mobilizazio ugari egingo direla 100 udalerri baino gehiagotan, baita manifestazio masiboak ere lau hiriburuetan arratsaldean.

Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra da, emakumeak zein gizonak deituta daude deialdira, zainketen krisiak pertsona guztiei eragiten baitie; guztiok behar dugu duintasunez zaindu eta zainduak izan bizitzan zehar. Horregatik, Greba Feminista Orokor honen leloa Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde da.

Zaintza-lanak ezinbestekoak dira bizitzari eusteko. Hala ere, lan horiek beti egon dira ezkutuan, gure etxeetan ikusezin, eta batez ere emakumeei egokitu zaizkie.

Aldi berean, ordaindutako zainketa-lanak prekarizatuta daude, zaintza-zerbitzuen pribatizazioaren eta azpikontratazioaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, adibidez, egoitzen %10 bakarrik kudeatzen da modu publikoan. Ez dugu zaintza-sistema publikorik, eta mendekotasuna duten pertsonei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez izateaz gain, enpresa pribatuen esku dago (Eulen, IMQ…). Enpresa horiek pertsonen interesen gainetik jartzen dute beren onura.

Horregatik, euskal gehiengo sindikalak, hau da, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, CGT eta HIRUk, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lidergoarekin, Greba Feminista Orokorra deitu dute azaroaren 30erako.

Sindikatu deitzaileok eta Mugimendu Feministak azpimarratu nahi izan dugu Greba Feminista Orokor hau produkzio-eremutik haratago doala. Aurreko greba feministen ondorioz, grebaren tresna zabaldu egin da, lan produktiboa eta gehienbat emakumeek egiten dituzten ordaindu gabeko eta ikusezin bihurtutako zaintza-lan horiek guztiak barne hartzeko. Gainera, zaintza-sektoreetako langile askoren errealitatea da gutxieneko zerbitzuen eraginpean edo egoera administratibo irregularrean daudela. Aldi berean, batzuek zaintza-lan intentsiboa egiten dute eta ezin dute gelditu. Horregatik guztiagatik, datorren azaroaren 30ean grebara irtengo gara eta kaleak beteko ditugu.

Azken hilabeteetan lan titanikoa egin da auzo eta herrietan zein lantokietan. Auzoei eta herriei dagokienez, ehunka greba-batzorde aktibatu dira, eta horien helburu nagusia izan da grebaren aldarrikapenak bere arloan gizarteratzea, bertan bizi den jendea aktibatzea eta grebaren eguna bera antolatzea. Era berean, euskal gehiengo sindikalak lantoki guztietara eraman ditu grebaren aldarrikapenak, atxikimenduak jaso ditu, eta ehunka batzar egin eta egingo ditu datozen egunetan, arrazoiak azaltzeko eta langileak grebara deitzeko.
Lan horren emaitza dira datu hauek: enpresa-batzordeetan bildutako 1500 atxikimendu baino gehiago eta goizean 100 herri baino gehiagotan deitutako pikete eta mobilizazioak eta arratsaldean deitutako 25 manifestazio.

Greba Feminista Orokor hori greba historikoa izango da, aurrekaririk gabekoa, eta azaroaren 30ean baino eragin handiagoa izango du gizartean eta politikan, eta jarraipena izango du datozen hilabeteetan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.