2026-09-11
HomeEkintza SindikalaELA eta LABek ez dute parte hartuko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak...

ELA eta LABek ez dute parte hartuko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deituriko bilera errondan, azaroaren 17an

Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegileari Eusko Legebiltzarrean emaniko ezetzaren ostean dator erabakia

ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deitutako bilera errondan, datorren azaroaren 17an. Bi sindikatuek erabaki hori hartu dute EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aurka bozkatu ondoren. 

Eusko Legebiltzarraren gehiengoak langileen eta demokraziaren aurka bozkatu du. Denbora laburrean HEL baten aurka egiten duten bigarren aldia da; herritarrek politika publikoetan eragiteko duten tresna blokeatu dute; pentsiodunena lehenik, eta gutxieneko soldatarena ondoren. 138.495 sinadurari ezezkoa eman eta patronalaren interesen aldeko erabakia hartu dute, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSEren botoekin.

EAJk eta PSEk gutxieneko soldata propio baten aldekoak direla esaten dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek bertako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak behar dituztela. Hala ere, euren ekintzek kontrakoa erakusten dute: patronalarekin lerratu dira, Confebasken aginduei men eginez. Badakite herri ekimen legegileari atea ixteak gutxieneko soldata propioa lortzeko bi bideak blokeatzen dituela.

ELA eta LABen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako elkarrizketan sinesten. Benetan sinetsiko balu, eztabaidari legebiltzarrean bide eman eta bakoitzak bere posizioa defendatzeko aukera ziurtatuko luke. Horren ordez, eztabaidari atea itxi diote. Eta orain, sindikatu eta patronalekin elkarrizketa “bultzatu” nahi dutela diote bilera erronda honen bidez. Bi sindikatuen iritziz, hori aurpegia zuritzeko ariketa da. Legebiltzarrean eztabaidari atea itxi diotenek ezin dute orain elkarrizketa irudikatu.

Horregatik, ELA eta LAB ez dira izango fikzioa irudikatzeko erronda horretan. Eztabaidari Confebaskek itxi dio atea lehenik, eta Jaurlaritzak ondoren. Bi aldeei jarrera aldatzeko eskatzen diegu, langileen eskaerak mahai gainean jartzeko borondate politikoa erakusteko. Eta, zehazki, Imanol Pradales lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari eskatzen diegu jarrera aldatu eta gutxieneko soldata propioaren defentsa egin dezatela, eta egin diezaiotela interpelazio zuzena patronalari, hark ere posizioa mugitu dezan.

ELAk eta LABek lanean jarraituko dute gutxieneko soldata propioaren alde posizioak mugiarazteko helburuz:

  • Batetik, mobilizazioak indartuz, azaroaren 12an egin bezala.
  • Bestetik, mahai negoziatzailearen defentsan, epaitegien bidea ere arakatuz, patronalak negoziatzeko duen betebeharra betearazteko. Zentzu horretan, datorren astean Confebasken aurkako demanda aurkeztuko dute, mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT-k bost greba egun deitu ditugu Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko

Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.

Bizkaiko esku-hartze soziala borrokan: benetako negoziazioaren alde!

LABek, ELAk eta ESK-k salatu dugu Gizardatz Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko patronala blokeo egoerara eramaten ari dela negoziazio mahaia.