2026-09-30
HomeEkintza SindikalaEkainaren 8an manifestazioa Arratian enpleguaren defentsan

Ekainaren 8an manifestazioa Arratian enpleguaren defentsan

Lanpostuen defentsan greba mugagabean diren FCC-Alfus eta Incoesa enpresetako langileek manifestazioa deitu dute ekainaren 8rako Bedian. Manifestazioa arratsaldeko 18:30etan irtengo da "Arratia Borrokan! Enplegua defensa dezagun" lelopean. Prentsaurrekoan bi enpresetako enpresa batzordeek haien egoeraren berri eman eta jendarteari larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diote.

ALFUS FCC AMBITOko Enpresa-Batzordearen irakurketa

ALFUS FCC ÁMBITOko enpresa-batzordeak borroka eta mobilizaziorako dia egiten du zuzendaritzaren inposaketen aurrean

ALFUS FCC ÁMBITOko langileok apirilaren 29tik 72 egun daramatzagu greba mugagabean Gainera, maiatzaren 7an LABeko delegatu batek eta ELAko beste batek enpresako bulegoetan itxialdia hasi zuten, eta bertan 20 egun daramatzate. Ekintza hau, enpresak, inposaketaren ordez elkarrizketaren bidea har dezan eraman da aurrera.

Gertatzen dena ulertzeko, lau puntu hartu behar dira kontuan:

Egoera honen erantzukizun osoa ALFUS FCC ÁMBITOko Zuzendaritzarena da. 2012ko uztailean enpresak hitzarmen kolektiboaren negoziazioa hasteko konpromisoa hartu zuen baina hilabeteak pasatu dira inongo elkarrizketarik gabe. Elkarrizketatu nahi ez honek, enpresaren ekoizpena hobetzeko funtsezkotzat jo diren hainbat alderdiren inguruan akordiorik ez lortzea ekarri du. Erantzunkizuna enpresarena da. Zuzendaritza gabeko enpresa bat da: lantokiko gerenteak ez dira gai izan etorkizunerako bideragarria den ekimenik martxan jartzen.

ALFUS FCC ÁMBITOko langileak eraso honi modu eredugarri baten erantzuten ari gara. Jarrera honekin jarraituko dugu enpresa gurekin beste termino batzuetan hitz egitera eseri arte. Enpresan lankide bi itxialdian daude, enpresari egoera larri honen aurrean irtenbide bat bila dezan exijitzeko eta guk, 24 orduko txandak egiten ditugu enpresaren sarreran.

Guk borrokan jarraituko dugu, ez digutelako beste aukerarik uzten. Borroka luze baterako prest gaude.

Proposamen bat helarazi diogu idatziz FCC AMBITO-ko zuzendaritzari. Proposamen horretan enpresaren bideragarritasunari irtenbideak ematen dizkiogu 16 langile kaleratu behar izan gabe. Guk ALFUSen alde apustu egiten dugu eta gure negoziaziorako borondatea zuzendaritzaren mahai gainean dago.

Enpresak ostiralean, maiatzaren 31an, aurrera eraman zituen kaleratzeak. Honek ez du gure negoziaziorako borondatea aldatzen, baina kaleratzeak barne hartzen dituen akordio batera helduko ez garela jakinarazi nahi dugu.

Argi daukagu zein inposaketa testuingurutan aurkitzen garen. Enpresarioei Madrilgo erreformek, kaleratzeak, soldata murrizketak, jardunaldi igoerak… inposatzeko tresna guztiak eman dizkiete. Patronala, euskalduna zein espainola izan, bere eskura dagoen guztia erabiltzen ari da bere irabaziak handitzeko. Arratian gertatzen ari dena honen guztiaren adibide bat da. Guk gure etorkizuna Arratian defendatuko dugu eta larunbatean, ekainaren 8an, Bedia osoa zeharkatuko duen manifestaziora gonbidatzen zaituztegu.

Bilbon, 2013ko ekainaren 3an
 

 

INCOESAko Enpresa Batzordearen irakurketa

INCOESAko enpresa-batzordeak planto egiten dio inposatu nahi dieten lekualdatzeari eta herritarrei dei egiten die Bedia eta Arratian enpleguaren alde mobilizatzeko

INCOESAko langileak gara eta maiatzaren 27az geroztik mugagabeko greban gaude. INCOESA Bedian dago eta transformadore elektrikoak egiten dituen enpresa da.
Maiatzaren 16an enpresak INCOESA itxi behar zuela eta, eskulan zuzenean diharduten langile guztien (50 bat langile) lekualdatze kolektiboa, eta horrekin batera soldata jaitsiera izango genuela adierazi zigun. Langile gehienak Cáceresera eta gutxi batzuk Soriara bidali nahi gaituzte. Soldataren murrizketa, kasu batzuetan, %50ekoa da.

ETESA eta OLVEGA dira Extremadura eta Soriako enpresen izenak, eta Bediako INCOESAKO irabaziei esker sortu dira. Enpresaren zuzendaritzak esanda, hango enpresetan 20 milioi euro inbertitu dira, Bediakoan, ordea ez da inolako inbertsiorik egin. Lan egiten dugun fabrika deskapitalizatuz joan dira eta orain gure lana kendu nahi digute.

Lanean ari garenotatik bi heren baino gehiago 30 urte baino gehiagoz aritu gara lanean enpresa honetan, batzuk sortu zenetik. Gure bizimodua, gure bizi-proiektua hemen dago, Bizkaian.

Enpresaren jabea den Higinio Arteta eta bere familia euskal enpresari nabarmenak dira. Higinio FVEM-eko lehendakaria izan da eta orain dela gutxi saritua izan da bere enpresa-lanagatik. INCOESAko langileok galdetu nahi genioke CEBEK-i eta euskal patronalari ea jokabide hau ote den euskal produkzio-sarea babesteko modua. Gure ustez, haien irabaziak baino ez dituzte defendatu. Bestalde, euskal enpresariek egindako deslokalizazioaren inguruko Eusko Jaurlaritzaren iritzia ere ezagutu nahi genuke.

Maiatzaren 31n bukatu zen kontsulta-epea. Enpresak epea luzatu du INCOESAko langileek lekualdatze kolektiboaren eta soldata jaitsieraren aurrean hartutako jarrerarengatik.

Jendaurrean adierazi nahi dugu Bedian lan egiten jarraitu nahi dugula. Arratian dago gure lanbidea, gure bizitza, eta horren alde borrokatuko dugu. Enpresari adierazi diogun moduan planto kolektiboa egin dugu, ez dugu hemendik alde egingo. INCOESAren aurrean akanpatuta gaude 24 orduz, enpresako arduradunak gurekin batera INCOESAk Bedian jarrai dezan bidea aurkitu arte.

Gure lana eta Arratiako enpleguaren aldeko apustua egin dugu, eta gizarteari, Arratiako lagunei bereziki, ekainaren 8an arratsaldeko 18:30etan INCOESAko ateetan hasiko den manifestaldira etor zaitezten eskatzen dizuegu.

Bilbo, 2013ko ekainaren 3an
 

 
 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...