2024-04-20
HomeEkintza SozialaEAJk ez ditu aurrekontuak euskal langileon izenean onartu, kontrakoa esan arren

EAJk ez ditu aurrekontuak euskal langileon izenean onartu, kontrakoa esan arren

PPk negoziaketak banan bana egin baditu ere, emaitza hauxe da: EAJ, UPN, Cs eta PPk bat egin dute Espainiako aurrekontu orokorren onarpenean. Euskadiren izenean egin omen du akordioa EAJk; guk esaten diogu: euskal langileon izenean, ez.

EAJk bost aitzaki eman ditu eskuin espainolistarekin bat egitea zuritzen saiatzeko; LABen ustez, badira bost arrazoi sendo aurrekontu akordio tamalgarri hori deitoratzeko.

1. Hego Euskal Herriko langileria kaltetuko duen akordioa
EAJk bi urtez babesa eman dio PP-ri eta legegintzaldiaren amaiera bitartean jarraitzeko aukera eman dio. Honela, Espainiako Gobernuak garatzen dituen politika laboral eta sozialen erantzule bilakatu da. Besteak beste:

Gastu sozialaren murrizketa ikaragarria iraunkortzen da. Euroa duten herrialdeen gastu sozial txikiena du Espainiako Estatuak. Rajoy Gobernura iritsi zenetik %27 murriztu da, 19.000 milioi orotara.

Euskal langileen lan baldintzen estatalizazioa sustatzen da. Langile publikoen erosmen-ahalmena berreskuratzeari uko egiten diote aurrekontuek. Eta sektore publikoa garatzeko hamaika oztopo ezartzen.

Etxeko langileen lan baldintza prekarioak mantentzen dira, erregimen orokorrarekin hainbat alderditan homologatzea bost urtez atzeratzen baita.

Euskal pentsiodunen pentsioen murrizketa zilegiztatzen da. Aurtengorako planteatutako pentsio igoera eskasa gora-behera, 2012tik ezarritako murrizketak eta horien ondorioz eragindako pentsiodunen eros-ahalmenaren galera bere horretan mantentzen da. Euskal pentsiodunen %52k EAEn eta %57k Nafarroan 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dute.

Euskal langabetuen langabezia prestazioen murrizketa. Azken urteotako ildoari jarraiki, langabezia kobertura gabe jarraituko dute milaka euskal langile.

Zaintza beharrak dituzten euskal herritarren kontrako murrizketak. 2012tik menpekotasun egoerei aurre egiteko autonomia erkidegoetara bideratu beharreko 2.700 milioi euro ez dira iritsi; Nafarroak 12,8 milioi gutxiago jaso ditu eta EAEk 73,5 milioi gutxiago. Menpekotasun egoeran dauden lau herritarretatik batek ez du inolako laguntzarik jasotzen.

Gauzak horrela, nola esan dezake EAJk aurrekontu akordioak “Euskadiri” mesede egiten diola? Lortutako inbertsioek, batez ere, euskal enpresari jakin batzuei egingo die mesede; izan ere, PP-ren politikek, herritarren gehiengo zabala kaltetzen dute.

2. Inboluzio autoritarioa indartzen duen akordioa
PP-ren Gobernuak Kataluniako instituzioak kontrolpean ditu, 155. artikuluaren bidez. Govern legitimoa espetxean ala erbestean dago eta Govern berria askatasunez osatzea eragozten ari da PP. Atzo bertan burujabetza prozesuaren kontrako muntaia polizial bat gauzatu zen Katalunian.

Estatuan ematen ari den inboluzio autoritarioak Katalunia ez ezik Hego Euskal Herria ere mehatxupean dauka. Izan ere, EAE eta Nafarroako autogobernua etengabe murrizten ari da PP, lege organikoen bidez politika publikoak erabat baldintzatuz eta Auzitegi Konstituzionalaren bidez bertako legebiltzarren erabakiak bertan behera utziz. EAJk bere hitza jan eta inboluzio autoritarioari oxigenoa eman dio.

3. Ustelkeria zuritzen duen akordioa
Europako alderdi ustelena da PP. Kasik 1.000 inputatu ditu ustelkeriagatik. Aurrekontuak eztabaidatzen ziren bitartean Aznarren ministro ohi Zaplana atxilotu zuten. Hurrengo egunean, Barcenas eta enparauak ez ezik PP alderdi bera izan da kondenatua ustelkeriagatik. Ustelkeria hori guztia zuritu egiten du aurrekontu akordioak.

4. Hego Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren aurka egindako akordioa
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala eta soziala Estatuko aurrekontuen aurka azaldu da. Baita EAEko legebiltzarra ere. EAJk euskal agendaren argudiatuz egin du akordioa, baina euskal gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren iritziaren kontra egin du. Aurrekontuan babestu duten indar politikoak (PP, Cs, UPN eta EAJ) gutxiengoa dira EAEko legebiltzarrean eta baita Nafarroako legebiltzarrean ere. Guk UPN eta EAJri esaten diogu: gure izenean, ez. Ez duzue herri honen gehiengoa ordezkatzen.

5. Euskal presoak gatibu hartu eta bake bidea oztopatzen duen akordioa
ETAren desegitearen ostean, eta Kanboko ekitaldi bateratua kontraprogramatuz, agerraldia egin zuten Urkulluk eta Barkosek Bertizen. Bertan, espetxe politika garai berrira egokitzeko batzorde instituzional bateratua osatzea proposatu zioten Espainiako Gobernuari. Bada, PP eta UPNren arteko akordioak bide horri uko egin eta anakronikoa den Itun Antiterroristan kokatu du euskal presoen auzia. Honela, presoak gatibu hartu eta bake bidea oztopatzea adostu dute PP eta UPNk, eta EAJk men egin dio akordio horri.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.