2025-12-12
HomeEkintza SozialaEAJk eta PSEk higiezinen patronalaren neurrira egindako legea salatu du LABek

EAJk eta PSEk higiezinen patronalaren neurrira egindako legea salatu du LABek

Premiazko neurrien legea gaur onartu dute Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, eta ez du jasoko neurri bakar bat bera ere langileak babesteko eta etxebizitza prezioen igoera etengabea gelditzeko. Eraikitzaileei etekinak biderkatzeko aukera biderkatu beharrean, alokairu publiko, merke eta iraunkorra sustatu beharra dago, LABen ustez.

Etxebizitza krisia bizi dugu, eta, ondorioz, geroz eta langile sektore gehiago pobretzen ari dira. LABek egindako diagnostikoarekin bat egiten dute hainbat eremutatik egindako txostenek, azken asteetan albiste izan direnak; hala nola, Foessa eta Caritas fundazioenak, Zedarriak-ena eta herritarron erantzunak biltzen dituen Soziometroarena. Etxebizitza prezioa da krisi hau areagotzen duen oinarrizko faktorea. Erosketa zein alokairu prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta langileon ahalegin ekonomikoa geroz eta handiagoa da; are nabarmenagoa pertsona migratu, emakume eta gazteen artean.

Gauzak horrela, LABek EAJren eta PSEren premiazko neurrien legea gogor salatzen du. Izan ere, urgentziaz egiturazko neurriak hartu behar direla esan bai, baina hartutako norabidearekin orain arteko etxebizitza politika berean sakonduko dute: eraikitzaileek, promotorek eta, finean, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenek etekinak handitzeko neurriak hartuko dituzte.

Etxebiden ia 100.000 herritar daude izena emanda, eta gehien-gehienek alokairu publikoa dute lehentasun. 30.000 etxetara iristen ez den babestutako parke publikoa guztiz ez-nahikoa da (Alokabidek kudeatzen dituen 17.000 gehituko bagenitu ere), eta datozen urteetan iragarritako 7.000 etxebizitza berriei babesa galdu eta merkatu pribatura pasako diren 5.000 inguru (2003ko legearen aurrekoak) kendu behar zaizkio kopuru horri.

Egoera horri gehiago eta azkarrago eraikita eman nahi dio aterabidea Denis Itxasoren sailak, horretarako promozioen babes publikoko etxeen legezko kopurua murriztu eta natur inpaktuak malgutu behar baditu ere. Arazoa eskariaren eta eskaintzaren artekoa dela saldu nahi dute, eta promotoreei eta eraikitzaileei errentagarritasun handiagoa bermatu behar omen zaie eskaintza handiagoa izan dadin —hau da, oinarrizko eskubide batekin negozio gehiago egitea—. Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko presio fiskalaz, negozioa egiteko bahitutako pisu turistikoez, sasoiko alokairuez edota lehentasunez administrazioak erosteko duen gaitasuna biderkatzeko ekinaldiez ezer gutxi diote, ezer ez ez esateagatik.

Bien bitartean, oraindik eremu tentsionatuetarako irizpideak ezartzeko prezioen indizea argitaratu gabe dute bi alderdiok gobernatzen dituzten Bizkaiko eta Arabako aldundiek, prezioen igoera mugatzen hasteko aukera emango lukeena. Eta hori ez da okerrena. Prezioak jaisteko inolako neurririk ez dute proposatu. Merkatuan esku hartu beharra dagoeneko inork gutxik jartzen du zalantzan, eta urgentziazko neurriak norabide honetan kokatu behar dira ezinbestean.

Alokairu publiko, merke eta iraunkorra da sustatu beharrekoa. Horretarako, eraikitzaileei etekinak biderkatzeko aukerak ireki beharrean, merkeak diren eta haiekin espekulatzea ezinezkoa izango den etxebizitza parkea handitzeko araudia da benetan premiazkoa dena. Etxebizitzak bizitzeko izan daitezen eta ez negozioa egiteko. Horixe da krisi egoera betean langileon aldeko neurriak hartzea. Baina, beste behin ere, EAJk eta PSEk patronalarekin lerratzeko erabakia hartu dute. Enegarrenez.

LABek gaur onartutako neurri sorta ezaguna zaigun eta porrot egin duen ereduan oinarritzen dela salatu nahi du. Era berean, antolakuntza eta borrokarako deia ere luzatzen du. Sindikatuak elkarrekin ekintza sindikalaren bidez baldintzak duintzeko deia luzatzen die alokairua berritu eta prezioa biderkatu edo etxetik botatzeko arriskua dutenei, babestutako etxearen kalifikazioa galdu eta merkatu pribatura pasako diren bizilagunei eta, oro har, etxebizitzaren negozioaren ondorioak pairatzen dituzten langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...

Pasaiako Udalak azpikontratatuta duen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko akordioa lortu dugu

ELA eta LAB sindikatuek hitzarmen kolektibo berri bat sinatu dute Pasaiako udalak Matia Goxara enpresaren bidez azpikontratatzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko.

Bada garaia euskara Nafarroa osoan hizkuntza ofiziala izateko

Garaia da Euskararen Lege berri bat osatu, Nafarroa osoan euskara hizkuntza ofizialtzat onartu eta euskararen normalizazioari bultzada instituzional eta politikoa emateko.