2026-01-23
HomeEkintza SindikalaEAJ eta PSEren dekadentzian beste mugarri bat: bizkarra eman diote gutxieneko soldata...

EAJ eta PSEren dekadentzian beste mugarri bat: bizkarra eman diote gutxieneko soldata propioaren aldeko ekimenari; bizkarra 140.000 herritarri

Gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokari eutsiko dio LABek, bai maila orokorrean eta baita sektore eta enpresa bakoitzean ere.

Gaurkoa egun historikoa izango zen, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldata propioaren eztabaida instituzionalari bide eman izan balio. Ez da horrela izan: PSEk eta EAJk ezezkoa eman dio ia 140.000 herritarrek babestutako eskariari, eta hala, demokrazioaren aurkako bidegabekeria gauzatu da. Eusko Legebiltzarraren gehiengoak bizkar eman die langileei eta demokraziari. Aurretik gauza bera egin zuten pentsioak osagarritzeko pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako HELarekin ere. Biak izan dira erabaki politikoak, argudio juridio edo teknikoekin jantzi nahi izan badituzte ere. Jarrera antisozial horrekin EAJren eta PSEren dekadentzia agerian geratu da.

Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek parte hartu dute eztabaidan, eta han izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra. Langile eta kapitalaren arteko arrakalak handitzeko politikak egitea leporatu die Aranburuk, eta ohartarazi du politikagintza horrek balore erreakzionarioak, neomatxismoa, xenofobia edo homofobia elikatzen eta indartzen” laguntzen duela: “Argudio hipokritak baliatu dituzte milaka langileen soldatak duintzearen aurka egiteko, eta horrek dakar arrakala matxista eta arrazistetan sakontzea”.

Gutxieneko soldata propioaren alde ildo bikoitza ari da lantzen gehiengo sindikala, HELarena bata eta patronalaren negoziazio mahaia sustatzea, bestea. Hipokrita da ere gobernuak esatea patronalaren eta sindikatuen artean negoziatu behar dela, Confebaskek negoziazioari ezezkoa eman eta hura babestu duenean, presionatzeko ezer egin gabe.

Era berean, LABek hipokritatzat jotzen du EAJk gutxieneko soldata propioaren auzia estatus politikoa eguneratzeko eztabaidarekin lotu nahi izatea, “noiz eta 40 urtean autogobernuan sakondu Autonomia Estatutuan gutxieneko soldata propioaren eskumena bere gain hartzeko inolako borondaterik azaldu ez duenean”. Zentzu horretan, LABek eskatzen die EAJ eta PSEri estatus poltiko berriaren eztabaidan aldarrikapena txertatzeko konpromisoa har dezaten. “Euskal langileen erabaki ahalmena handitu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatzeko eskatzen diegu”, adierazi du koordinatzaile orokorrak.

Jaurlaritza eta Confebasken arteko aliantza sendotu egin da. Pradalesen gobernua “patronalaren morroi” bihurtu dela gogorarazi du Aranburuk, izan ere, patronalak markatzen du markatzen du gobernuaren politika, “gero eta eskuinerago dagoena”. Aurrekontuek ere erakusten dute hori, aberastasuna banaketa gero eta desorekatuagoa sustatzen ari dira, politika birbanatzaileei uko egiten, zerbitzu publikoak etengabe ahultzen eta kolaborazio publiko-pribatua deritzaionarekin enpresarien aberastasuna handitzen, baita horretarako etxebizitzarekin eta zaintzarekin negozioa egitea onartu behar badute ere.

HELari bizkar eman izanak agerian utzi du gobernuaren izaera autoritario eta neoliberala. Horren aurrean, gobernua eta patronala presionatzeko mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa du LABek, borroka ez baita amaitu eta LABek ez baitu inor atzean utziko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

1.500 ordezkari baino gehiago elkartu ditu LABek egunotan, martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko

Greba orokorrerako deia herriz herri, auzoz auzo eta lantegiz lantegi ari da zabaltzen LAB. Egunotan, eskualdez eskualde batzarrak egin ditu, eta ehunka ordezkari elkartu ditu.

Arabako ardogintzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da

Gaur, Urtarrilak 23, negoziazio berria martxan jarri da, LAB-ek gehiengoa duen sektorean. Bilera honetan, aurreko hitzarmenak jasotzen zuen KPI berrikuspen klausula dela eta, %2ko igoera...

Martxoak 3: langile memoria zaindu eta sindikalismo soziopolitikoari eusteko deia egin du LABek

Martxoaren 3aren urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du LABek, hitzordu nagusia martxoaren 3ko ekitaldi nazionala eta mobilizazioa izango dituena. Duela 50 urte nola, sindikalismoak...