2026-09-29
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakEAEko kolektibitateetako langileek hitzarmen autonomikoa eskatu dute sektorerako

EAEko kolektibitateetako langileek hitzarmen autonomikoa eskatu dute sektorerako

Kolektibitateetako langileek kontzentrazioa egin dute gaur Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, sektorerako hitzarmen autonomikoa eta estatalizazioarekin amaitzea eskatuz. Adierazi dute kolektibitateetako langileentzako behin-betiko konponbide legezko eta errealaren bila doazela: zeharkako kolektibitateetako hitzarmen autonomikoa.

Hemen duzue langileek egindako irakurketa:

Estatuko hitzarmenaren aplikazioa injerentzia argi bat da, 155.artikulua inposatzea dakar, lan munduan. Baina gure sektorean paradoxa bat gertatzen ari da, enpresen %80k ez du Estatuko hitzarmena aplikatzen. Hori aktibazio sindikalari esker izan da posible, eta beraz, uste dugu badagoela aukera esparru propio bat sortzeko, kolektibitateetako lan baldintzak hemen negoziatzea defendatzen dugun langile eta sindikatuon borrokaren bidez.

EAEn, Estatuko hitzarmenen aplikazioa %21etik %34ra pasa da. Hala, esan dezakegu joera politiko orokor bat dagoela lan baldintza prekarioak inposatzeko, patronalaren irabaziak loditzeko, langileak gero eta pobreagoak bilakatuz.

Zer da estatalizazioa eta zer dakar:

– Prekarietatea: soldata, lanaldi eta eskubideena.

– Lapurreta: eskubide eta hitzarmenena.

– Bahiketa: erabakitzeko esparruarena, gure lan baldintzei buruz erabakitzeko izan dugun eskubidea kenduta.

Zer proposatzen du LABek?

> Behin-betiko irtenbide bakarra da hitzarmen autonomiko bat egitea, estatu mailakoa bezain zehatza, baina hemen, bertako mahai negoziatzailea eratuz.

> Proposatzen duguna legezkoa da, UGT+CCOO+FEADERS patronalak estatu mailako hitzarmenean sinatu zuten debekua, autonomietan negoziatzeko debekua, bertan behera geratzen delako

Kolektibitateetan estatalizazioaren aurrean irtenbide bat nahi badugu, behin-betiko eta erreala izango dena, kolektibitateen hitzarmen autonomikoa beste irtenbide legalik ez dago.

Hitzarmen berri horretan zein helburu izango ditu LABek?

Herrialde bakoitzeko (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba) ostalaritzako hitzarmenetatik abiatuta, 3 hitzarmenen ekiparaziorantz joatea (soldata berdinak, lanaldia, baimenak, oporrak, osagarriak, plusak…) plantila guztientzat, zeharkako kolektibitateetako hitzarmen autonomiko bakarra sortuz EAEn.

Ilusioa, konpromisoa eta eraginkortasuna

Ordua iritsi da lankide, ez guretzat bakarrik, patronalarentzat ere bai. Izan ere, hitzarmen autonomikoa ukatuko balute, sektorearen estatalizazioaren alde egingo lukete. Gainontzeko sindikatuei ere heldu zaie ordua, UGT eta CCOO sindikatuei bereziki, hemen hitzarmen propioak defenditu arren, aldi berean, euren sindikatu kideek Madrildik guri lapurreta egitea ahalbidetzen baitute.

Horrenbestez, lankide, zeharkako kolektibitateei dagokienean, une historikoan gaude eta ilusioarekin bizi dugu, gogotsu, eta burua argi. Planteamendu zehatza egiten dugu, behin-betikoa, erreala eta legala izango den konponbide batekin, buelta emateko 2016ko urtarriletik, Madrilen lehen hitzarmen estatala sinatu zenetik, gertatu den guztiari buelta emateko.
Herri honetan, makurtu ez garen pertsona asko gaude, gauzak aldatzeko gogoarekin, gure lan baldiantza hemen negoziatzeko burujabetza defendatuz. Hortaz, kolektibitateteetako langileak, egin dezagun bidea elkarrekin

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako...

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera de egiten diogu.