2026-03-19
HomeEkintza SindikalaEAEko hezkuntza publikoko irakasleen 3. grebak %75eko jarraipena izan du

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen 3. grebak %75eko jarraipena izan du

Hezkuntza sailari baliozko proposamenak lantzeko eskatzen diogu, grebak desaktibatzeko saiakerak behingoz alboratuz.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du, urtarrilean egindako beste bi greba egunen antzera. EAEko Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak.

Sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75ak babestu du. Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela. Hezkuntza sailak familiei bidalitako gutunak edota mahai negoziatzaileetan erakusten ari den jarrerak ere, ez dute laguntzen.

Grebaren arrakastaren adibide garbia da EAEko hiru hiriburuetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu direla. Urtarrilean egin bezala, milaka eta milaka langilek salatu dute EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.

Urtarrileko grebek eta mobilizazioek bi mahai deitzera eta pausu bakan batzuk ematera behartu dute Jaurlaritza. Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Tamalez, oraindik grebetako eskaerei erantzungo dioten balizko proposamenetatik urrun dago. Astelehenean, bilera batera deitu zituen sindikatuak aldez aurretik idatzizko inongo proposamenik bidali gabe eta ahoz. Aldiz, atzo azken uneko bilera batera deitu gintuzten. Bi egunetan helarazi zizkiguten edukiak ez ditugu nahikotzat jotzen.

Beraz, beste behin ere Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen. Bereziki larria da Jaurlaritza, langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin, grebetan milaka langile aldarrikatzen ari diren edukiak jarri gabe eta langileen %90a ordezkatzen duten greba deitzaileen kontra, gutxiengoan akordioa sinatzeko prest agertu izana.

Hirugarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiogu Hezkuntza Sailari:
– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.
– Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.
– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin gaudela.

Beraz, Hezkuntza sailari azken momentuko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitzeari uzteko eskatzen diogu, grebak desaktibatzeko gutun eta estrategiak alboratzeko eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea.

Aipagarriak dira, gaurkoan ere, greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:

Araban: Toki Eder Ikastola (%97) Gasteizen, Luis Elejalde-Rogelia Alvaro eskola (%77), Salburua HLHI (%100), Murgia (%91) eta Miguel de Unamuno BHI Gasteizen (%90).

Bizkaian: Arizko ikastola Basaurin (%100), Otxandio (%93), Juan Bautista Eguzkitza Meabe Lemoan (%89), Zeanurin (%100) eta Leioako Ostalaritza Eskolan jantoki zerbitzua etetea lortu dute irakasleek.

Gipuzkoan: Goizeko Izarra Ikastola Mutrikun (%100), Kurtzebarri Aretxabaletan (%100), Zumaia (%95), Katalin Erauso Donostian (%80), Lezo (%80), Erniobea Villabonan (%88) eta Karmengo Ama Pasaian (%83).

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna dugu EAEko hezkuntza publikoko irakasleok, eta manifestazio zentralizatua egingo dugu Gasteizen, 11:30ean Europa Jauregitik abiatuta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.