2026-09-28
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntza Legea aukera galdu bat da etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko

EAEko Hezkuntza Legea aukera galdu bat da etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko

Aste honetan Gasteizko Parlamentuan bozkatuko den Hezkuntza Legeak hizkuntzen kudeaketaz eta euskararen irakaskuntzaz jaso duenaren azken balorazioa egin dugu sektoreko langileen gehiengo sindikalak, Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntzako eragile garrantzitsuenetarikoek, bai eta euskalgintzako eragileek (AEK, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU…) eta kulturgintzako hainbat ordezkarik. Irati Tobar irakaskuntzako arduraduna izan da LABen ordezkaria agerraldian.

Aipatutako eragileak bi urtez aritu gara elkarlanean lege berriak datozen belaunaldiak euskalduntzeko eta hizkuntza korapiloa askatzeko jaso beharrekoak lantzen, arrazoitzen, eta proposatzen. 2021eko abenduaren 16an egindako agerraldian hizkuntza-eredu baztertzaileak gainditzearen eta euskara ardatz duen ikasteredu inklusiboa orokortzearen aldeko Euskaraz hezi, berdintasunean hazi adostasun historikoa aurkeztu genuenetik, eragile guztiok –elkarrekin zein bakoitzak bere bide aldetik– uneoro aldarrikatu dute eskaera hori. 2022ko urrian, adibidez, euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala aurkeztu genuen, norabide berean.

«Proposamen hori ez da inola kapritxo bat edo funtsik gabeko asmakeria bat, baizik eta hemen dauden hezkuntza eragileekin, sindikatuekin, hezkuntza komunitateko gainerako kideekin eta hezkuntza arloko adituekin gaia landu ondoren egindako ekarpena. Izan ere, 40 urteko esperientziak erakutsi digu ereduen gainean eraikitako sistemak ez duela balio etorkizuneko belaunaldiak osotasunean euskalduntzeko; are, segregaziorako tresna direla eta euskaraz jabetzeko eskubidea ukatzen dietela milaka haurri. Euskararen normalizazioa eragozteaz gain desberdinkeriaren ezartzaile direla, gizarte kohesiorako traba. 40 urte esperientziak erakutsi digu hizkuntza-ereduen sistemak ez duela balio legeak berak finkatutako B2 helburura iristeko» adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.

Bi urte hauetan, hizkuntzaren auziari erantzuteko bestelako ekarpen eta emendakin-proposamen gehiago egin ditu Kontseiluak. Tamalez, legearen azken bertsioak ez ditu gehienak jaso, eta jasotakoek ere zehaztasun falta handia dute, apirilean lege-proiektuaren gainean egindako balorazio gazi-gozoan adierazi zen bezala. Orduan, Kontseiluak begi onez ikusi zuen ikasleen euskara-gaitasuna ziurtatzeko B2 irteera-perfila zehaztu izana, bai eta euskal kulturaren ezagutza aintzat hartu izana ere. Halere, legeak ez ditu jasotzen euskararen inguruan egindako eskaera nagusiak: euskara izan dadila irakas-hizkuntza orokorra, ikasleen euskara-gaitasunaren kanpo-ebaluazio mekanismoak, hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den eta abar.

«Badakigu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan askotariko errealitate soziolinguistikoak daudela, eta horrenbestez, ikastetxe bakoitzak hizkuntza-proiektuaren bidez diseinatu behar duela zein duen bidea aipaturiko helburuak betetzeko. Eta administrazioak etengabeko ebaluazioaren bidez behatu behar duela prozesu hori, euskara gutxien duenari gehiago ematea ardatz hartuta. Euskara gutxien dutenei, euskara gehiago, baliabide materialak zein giza baliabideak bitarteko direla» gehitu du Eskisabelek.

Ondorioz, ikasleen irteera-perfila txertatzea positiboa izan arren, helburu hori lortzeko bideak zehaztasun handiagoa behar duela uste du Kontseiluak. Izan ere, uneoro aldarrikatu du legea ahalik eta zehatzea izan behar dela, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko.

Joan den urriaren 20an, legea eztabaidaren azken txanpan egonik, agerraldian parte hartu duten eragileek eskaera argia egin genien alderdi politikoei: baztertzeko iraganeko eta iraungitako tresnak, hizkuntza-ereduak, eta ezartzeko euskarazko ikasteredu orokortua. Laburbilduz, arduraz joka zezatela eskatzeko. Handik hilabetera, azaroaren 20an, Kontseiluak 20.000tik gora herritarren sinadurak entregatu zituen Eusko Legebiltzarrean. Euskarazko ikasteredu orokortua, euskal curriculuma ardatz izatea eta, funtsean, hezkuntzak euskara gehiago izatea eskatzen zuten sinadura horien bidez.

«Baina, zoritxarrez, eginahala guzti horiek egin arren, aukera galdu baten aurrean gaude. Datorren ostegunean, abenduaren 21ean, bozkatuko du Eusko Legebiltzarrak EAEko Hezkuntza Lege berria. Esan bezala, zoritxarrez, etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun geratuko den legea izango da. Ez da izango euskararen normalizazioan eragiteko tresna indartsu eta sendoa. Ez da izango gizarte kohesioan eta justizia sozialean aurrera egiteko lanabesa. Berriro diogu, zoritxarrez, aukera galdu bat» gehitu du Kontseiluko eledunak.

Hala ere, elkartutako eragileok hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin lanean segitzeko konpromisoa agertu dugu. Idurre Eskisabelen hitzetan: «Hemen gauden eragileok geure hezkuntza komunitatearekin, euskararen normalizazioarekin, justizia sozialarekin, eta, batik bat, haur eta gaztetxo horiekin sentitzen dugun konpromisoan berresten gara. Eta aurrera begira, lanean segituko dugu, akordio sozial zabalen lanketaren bidez, hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin, euskarazko ikasteredu orokortu eta inklusiboa ardatz izan dezan, eta horren behar bezalako lege babesa izan dezan».

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Sindikatuak ez du babestu salgaien garraioaren antolakuntzan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.