2026-09-30
HomeEkintza SozialaDonostiako udal gobernuak gutxien duten pertsonen kontra ezarritako neurria berehala kentzea exigitzen...

Donostiako udal gobernuak gutxien duten pertsonen kontra ezarritako neurria berehala kentzea exigitzen dugu

Onartezina da Donostian EAJ eta PSEk gutxien duten pertsonei, hau da, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Larrialdi Sozialeko Laguntzak jasotzen dituztenei udal instalazioetara sarbidea murriztea arratsaldeko 5etatik aurrera. EAJ eta PSEren udal gobernuak berriro erakusten du bere politika egiteko modua, klasista eta gutxien dutenekiko diskriminatorioa dela.

Gainera, 1965eko Arrazaren araberako Diskriminazio Forma oro Ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioa urratzen ari dira. Honen arabera “legearen arabaerako edozein diskriminazio debekatzen da eta pertsona orori babes berdin eta efektiboa bermatzen zaio arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo bestelako diskriminazioren aurrean, jatorri nazional edo soziala, egoera ekonomikoa, jaiotza edo beste edozein baldintza sozial”.

Premiazkoa da donostiarrek eraso berri honen aurrean erantzun dezatela, zuzenketa publikoa eska dezagula, arduradunek neurri honek diskriminatu dituen milaka lagunei barkamena eskatzea eta berehala bazter dezatela. Onartezina da Udaletik estigmatizazio soziala eta klaseen araberako banaketa susta dezatela. “Politika zaharra”, inposizioa eta diskriminazioak ez dute gure jendartean lekurik izan behar eta eskubideen edozein urraketa dagoenean salatu behar dugu, oraingoan bezala.

Eskandalua da kolekitbo horiek diskriminatzeko asmoa izatea, DSBEra jo behar dutenak euren miseriazko soldaten erruz hilabete amaierara iritsi ezin dutelako.

EAJ eta PSE Kirol Txartela Soziala duten Donostiako 1.700 familiak mespretxatzen eta diskriminatzen ari dira. 4.000 lagun inguru, euren interesetan soilik pentsatzen duten eta herritarren zati handi batek bizi duen errealitatea izkututatu nahi duten politikoek eskubideak urratuko dizkietenak.

Diskriminazioaren alde egiten dute, Donostia klasistaren alde. Honen aurrean herritarren zerbitzura, batez ere beharrizan larrienak dituztenen zerbitzura egongo den hiriaren alde, solidarioago eta justuagoa izango den hiriaren alde egiten dugu.

Neurri diskriminatorio hau Kirol Txartela Sozialaren “hobekuntza” moduan justifikatzeko nahia, Ibabe Kiroletako Delegatuak egin duen moduan, iraina da donostiar guztiontzat, ezin dugularik horrelakorik onar. Horregatik, berehala dimititzea exijitzen dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...