2026-08-02
HomeEkintza SozialaEuskal Herriko Eskubide Sozialen Karta: "Pobreziaren kriminalizazioari ez! DSBE lege honi ez!"

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta: “Pobreziaren kriminalizazioari ez! DSBE lege honi ez!”

Gaur, 2023ko martxoaren 29an, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea sartuko da indarrean, eta horrek DSBEaren, Etxebizitzako Prestazio Osagarriaren, Gizarteratze Aktiboko Hitzarmenen eta Gizarte Larrialdiko Laguntzen egungo legeria, 2008tik indarrean zegoena, erabat indargabetzea dakar. Hori dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa egin du gaur Gasteizen.

Jarraian, zabaldu duten oharra, osorik:

“Lege hori 2022ko abenduaren 29an atera zen aurrera EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, nahiz eta gizartean gaitzespen zabala eragin. Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Kartak ere gaitzespena helarazi zuen, bai Legebiltzarrean egindako agerraldian, baita legea onartu aurretik kalean egindako mobilizazioetan ere.

Lege hau 1989az geroztik onartzen den bosgarrena da, eta ez dakar inolako berritasunik pobreziaren aurkako borrokaren ereduan, gauza bera da, baina kezkatzen gaituzten hainbat gai nagusirekin, legea indarrean sartzen denetik borrokatuko ditugunak:

  • Lege honek zehapen- eta kontrol-sistema berriak ezartzen ditu, Lanbideko ikuskatzaileen kidego berri bat sortuz. Hasierako plantilla 25 pertsonakoa izango da, eta agintaritzaren agentetzat hartuko dira ikuskapen-jardueran. Neurri hori guztiz ulertezina da DSBE jasotzen duten pertsonen arteko iruzurra barregarria denean, %0,7tik beherakoa. Gizarte-prestazioak kobratzeko eskubidea duten pertsona pobreen kriminalizazioa eta estigmatizazioa baino ez ditu bilatzen.
  • Lege berriak ez du ezabatzen Eusko Jaurlaritzak 2012an aurrekontuen bidez ezarri zuen DSBEaren zenbatekoen %7ko murrizketa. Zenbatekoak kalkulatzeko eredua ere aldatzen du, kasu guztietan txikiagoak baitira 2008ko legea aplikatzetik datozenak baino, LGS-rekin inolako loturarik gabe.

Era berean, salatu egiten ditugu Eusko Jaurlaritzak saltzen dituen hobekuntza guztiak. Pobreziarekin amaitzeko pentsatuta ez dagoen lege honek letra txikia du, eta DSBE eskuratzea zailtzen duten betekizunak ugariak dira:

  • DSBE jasotzeko eskubidea izateko adina egungo 23 urtetik 18ra jaistea erabat baldintzatuta dago. 18 urtetik gorako pertsonek DSBE jasotzeko baldintza ugari bete beharko dituzte, eta kasu gehienetan ezingo dituzte bete.
  • Erroldako 3 urteak bakarrera murrizteak adingabeak edo desgaituak dituzten familiengan soilik izango du eragina.
  • Etxebizitzako Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratu ahal izateko etxebizitza bakoitzeko 2 bizikidetza-unitateren muga kentzea lotuta dago laguntza horrek jasandako murrizketarekin, %15eko murrizketa, hain zuzen ere.

EH-ko Karta Sozialetik salatu nahi dugu egungo egoeran gizartearen parte handi batean pobretzea areagotzen ari dela, eta politika publikoen norabidea aldatzea eskatzen dugu, egoera horri errotik heltzeko eta bizi-baldintza duinen alde egiteko. Horregatik, pertsona pobreak kriminalizatzea baino bilatzen ez duten neurriak bertan behera uztea eskatzen dugu, eta pobreziarekin behingoz amaituko duen lege bat ere aldarrikatzen dugu. Argi daukagu borondate politiko kontua dela, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Aldeko Kartatik pertsona guztientzako bizitza duina bermatzeko presioa egiten jarraituko dugu, gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean egin dena bezalako mobilizazioekin”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.