2026-02-03
HomeEkintza SindikalaBollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN...

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da. Lan munduan modu espezifikoan gertatzen den jazarpena da:

  • Aukera berdintasunetik urrun kokatzea
  • Lan munduan armairura bueltatzera behartua egotea; sexualitateak eta bizitzak ikusezin bilakatzea
  • Txisteak, deskalifikazioak eta irainak jasotzea

Heteroarauaren erreprodukziorako sistemak dituen mekanismoek arautik kanpora ateratzen den guztia zigortzen dute. Guk, ordea, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautua erabat zilegia dela aldarrikatu nahi dugu; kapitalismo heteropatriarkalak emakumeoi* inposatutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua, hain zuzen ere. Izan ere, sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duenari, bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearrari, ezetz esateko modu bat da (familia funtsezko instituzioa da produkzioaren eta erreprodukzioaren banaketan oinarritzen den egungo sistemak iraun dezan, gizon eta emakumeen arteko rol banaketa indarrean mantentzen duelako). Heteroarauari ezetz esateko modu bat da

Heteroarautik kanpo bizitzea da bollera izatea: heterosexualitatea ez den beste hautuak egitea, elkarbizitzarako sistemak pentsatu eta ardatz bihurtutako familia eredua ez den bestelako forma eta formulak bilatzea. Apirilaren 26a guztion sexu askatasuna aldarrikatzeko eta lesbiana denak bere hautua askatasun osoz bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko eguna da LABentzat, baina baita bollera izatearen hautuak duen balio eta garrantzi politikoa ikusgarri egitekoa ere.

LABen aldarrikapenak eta konpromisoak:

  1. Bollera izateagatik zigorrik eta diskriminazioarik ez. Izena duenak izana du. Indarkeria matxistaren kontrako protokolo, neurri eta estrategietan espresuki jaso behar den eta borrokatu behar den errealitatea da. Funtsean, eskatzen duguna da plan eta protokolo eraginkorrak garatzea, formazio eta sentsibilizazioan sakontzea eta pairatzen den biolentziaren aurka borrokatzeko estrategiak garatzea.
  2. Sexu askatasuna lantokietan ziurtatuko duten diskurtso eta politika publiko eraginkorrak. Agenda politiko eta laboralean kokatzeko, lesbiana izatea oraindik orain zigortzen den hautua dela aitortu, eta horren arrazoietara jo behar da. Sistemak ez du heteroarautik kanpo bizitzeko prest dagoen inor nahi, eta sistemak ezin du onartu bide hori irekitzea emakumeok* askatasun osoz eta inolako beldurrik gabe har dezagun. Zentzu horretan, instituzioen utzikeria salatu behar dugu, hitzez konpromisoak aipatu arren, ez dutelako diskriminazio horrekin amaitzeko bitartekorik jartzen.
  3. Ikusgarritasunerako borrokarekin konpromisoa.Borroka lan munduan zabaltzea, gure ordezkari sindikalen agendetan dagokion lekua hartzea, borroka honek eskatzen dituen baldintza politiko eta organizatiboak ziurtatzea sindikatuaren egituretatik. Armairutik atera nahi duenari babesa eta diskurtso feministan guzti-guztientzat gure aitortza: BOLLERA IZATEA BADELAKO SISTEMA KAPITALISTARI EZETZ ESATEKO MODU BAT!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

[IRITZIA]: Erantzuna Amaia Antxustegiri: ratioak betetzen dira… baina hori ez da zaintzea

Jarraian duzue Itsasne Nuñez Bilboko idazkaria eta Juankar Vizan Soziokomunitario sektoreko Bizkaiko arduradunaren iritzi-artikulua. Amaia Antxustegik Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dituen azken adierazpenek, etxebizitza komunitarioetan...

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...