2026-02-02
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologoen lanpostuak kendu...

Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologoen lanpostuak kendu nahi ditu

Aldundiko langileak Bilbon mobilizatu dira, Foru Jauregiaren aurrean, indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologo postuak kendu dituztela salatzeko. “Indarkeria matxistaren aurka ez dago inor soberan”, adierazi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Emakumearen eta Familia Esku-hartzearen Zerbitzua, 1987an sortua, Bizkaiko indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei* eta haien seme-alabei arreta ematen dien zerbitzu espezializatua da. Sortu zenetik, eta urteetan zehar, indarkeriaren biktimei arreta emateko programa eta zerbitzu berriak sortzen aitzindari eta berritzaile izan den zerbitzua izan da, eta helburu argia izan du, emakume guztiengana* eta haien seme-alabengana iristea.

Emakumearen eta Familia Esku-hartzearen Zerbitzua indarkeria matxistaren biktimen beharretara egokitzen joan da urte hauetan, eta genero-ikuspegia eta gizarte-aldaketak barneratu ditu arazo horren arretan.

Zerbitzu honen egungo taldea honako hauek osatzen dute: 4 gizarte-langile, 4 psikologo, 6 administrari eta Administrazio Orokorreko teknikari bat. Diziplinarteko talde horrek aukera ematen du emakumeen* eta haien seme-alaben beharrei esparru global eta integral batetik erantzuteko. Sortu zenetik, beti hartu da kontuan diziplinarteko lana egiteko beharra.
Indarkeria matxistak eragin sozial eta psikologiko handia du indarkeria jasaten duten pertsonengan. Horregatik, beharrezkoa da ikuspegi integrala eta globala izatea indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko eta berreskuratzeko prozesu osoan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak 15 urtetik gorako esperientzia eta indarkeria matxistan espezializatutako prestakuntza duten 3 psikologo lanpostu amortizatzea proposatu du. Horrek begirada murriztailea eta biktimei ematen zaien arretaren kalitatea asko galtzea dakar.

Bizkaian indarkeria matxista desagerrarazteko lan egitea denez zerbitzu honen eskumena, psikologiaren arloko profesionalak kentzea ulertezina da, are gehiago indarkeria matxistak indarkeria jasaten duen pertsona bakoitzaren osasun psikologiko, afektibo eta emozionalean eragin zuzena duenean: edozein emakume* eta haien seme-alabak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...