Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztiei eta patronalei exijitzen diegu etapa guztietan eskola-ordu bateko murrizketa bete dezatela, lan pertsonalerako 5.ordu osagarria izatea, Greba Amaierako Akordioan (GAA) sinatu genuen bezala
KE eta AICE-IZEA, Greba Amaierako Akordioa (GAA) urratzen saiatzen ari dira sinatu zuten unetik, duela 23 hilabetetik. Lehenik eta behin, ez zituzten lanaldi-murrizketak sektore prekarizatuenetan eta feminizatuenetan aplikatu nahi izan. Sinatu ondoren, hilabeteak kostatu zitzaizkigun lanaldiak murriztea, nahiz eta GAAn argi jarri. Geroago patronalek ez zituzten soldatak eguneratu nahi izan sinatutako igoeren arabera. Kasu honetan ere, epaitegietara jo behar izan genuen borrokatzera eta lortu genuen!
Epaiak argi eta garbi utzi zuen denek genekiena, baina KEk eta AICE-IZEAk aitortu nahi ez dutena:
• GAAk hitzarmen maila du, eta 2024ko otsailaren 5ean sinatzen den egunetik dago indarrean, beraz sinatutakoa aplikatzen egon behar zen.
• Gure soldata eta lan baldintzak ez daude finantzaketari lotuta.
Epai horren ondoren, KEk eta gainerako patronalek sinatutakoa betetzea eta nominak eguneratzea beste erremediorik ez zuten izan.
Ondoren, 2025eko urtarriletik aurrera, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako langileen soldata % 0,57 murriztu zuten, hau da, adostutako % 16ko igoera % 15,43koan utzi zuten aldebakarrez. Honen aurrean, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek egoera salatu zuten epaitegietan. Ikastetxeen eta patronalen beste ez-betetze bat da tutoretza-plusaren % 16ko igoera aplikatu gabe jarraitzen dutela.
KEk eta gainerako patronalek ere, 25-26 ikasturterako arreta zuzeneko ordu 1eko murrizketa sinatu zuten etapa guztietan eta ordu hori lan pertsonalerako ordu osagarri 1 bihurtuko zela. Esan beharra dago, patronalek, GAA sinatu ondorengo 16 negoziazio mahaietan, ez zutela inoiz arazorik eman hura aplikatzeko. Baina, 2025eko maiatza amaieran KEk zirkular bat bidali zien bere ikastetxeei, sinatutako eskola-ordu murrizketa aplika ez zezaten aginduz. Patronalen negoziatzeko fede txarraren enegarren adierazlea da hau, GAA sinatu baitzuten, jakinda ez zutela aplikatuko. Errepikatutako ez betetzeek eta sinatutakoa aplikatzeari uko egiteek errespetu falta ikaragarriak dira sektoreko 9000 langileekiko.
STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuoi berriro auzitara eta ekintza sindikalera jotzea beste aukerarik ez digute utzi 14 greba egun kostatu zitzaiguna defendatzeko. Horrela, gaur, urtarrilak 20, epaitegietan ikusiko dugu elkar berriro.
Prozesu judizial hau ekintza sindikalarekin batera uztartzen dugu. Horrela, bai joan den irailaren 30ean, ikasturte hasierako KEren ospakizunean, bai joan den abenduaren 12an, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTko ordezkariak KEren egoitzara joan ginen ozen eta argi esateko sektoreko langileok errespetua merezi dugula, gogorarazteko KEk eta AICE-IZEAk bere hitza bete behar dutela eta sinatutako akordioak bete behar dituzela. Hori egunero esaten diegu gure ikasleei, eta guk adibidearekin predikatu egiten dugu.
Beraz, patronalei exijitzen diegu etxeko lanak egin ditzatela, urtarriletik aurrera aplikatu dezatela sinatu zuten eskola- ordu murrizketa eta konpentsatu ditzatela irailaren 1etik aurrera irakasleek egin behar izan ditugun gehiegizko eskola-orduak.
Patronalei salaketa jarri diegu Greba Amaierako Akordioa ez betetzeagatik, eskola-ordu bateko murrizketa ez aplikatzeagatik eta lan pertsonalerako ordu 1 gehiago ez emateagatik, eta minutu gutxi barru horixe esango dugu epaiketan.

