Zabalbide 10 eta Santos Juanes 1, 3 eta 5eko bizilagunek, LABeko etxebizitza asanbladarekin batera, agerraldia egin zuten atzo Mazabi funts putrearen jarduera salatzeko eta etxebizitzak lehentasunez bizitzeko izan behar dutela aldarrikatzeko. Bilboko Udalari helburu hori bermatuko duen politika publikoak eskatu zizkioten.
Bilboko alde zaharreko dozenaka bizilagunek salatu zuten gero eta zailagoa dela auzoan bizitzea, Mazabi funts putreak erositako etxebizitza blokearen aurrean egindako agerraldian. “Etxebizitza lehen mailako arazo sozial bilakatu da, eta langileak pobretzeko arrazoi nagusietako bat”, adierazi zuten.
Azaldu zuten prezioak etengabe igotzen ari direla, etxebizitzara sartzea geroz eta zailagoa dela eta auzoak bizitzeko eremu izatetik negozio-eremu izatera pasatzen ari direla. Testuinguru honetan, jakinarazi zuten Mazabi funts putreak haien etxebizitzetako beheko solairuak erosi dituela, negozio egiteko asmoz: “Etxebizitza duinak eskaintzeko izan zitezkeen espazioak bahitu eta coliving, denboraldiko alokairu edo etxe turistiko bihurtu nahi dituzte. Ez gaude ados”.
Agerraldian bi mezu nagusi helarazi zituzten. “Lehena, Mazabiri: atera zuen negozioak gure etxeetatik. Ez zaituztegu nahi eta antolatuta gaude”. Bigarrena, udal gobernuari: politika publikoak aldatzeko eta etxebizitza bizitzeko lehentasunezkoa izan dadin neurriak hartzeko eskatu zioten, horrelako egoerei muga jartzeko. “Negozioa eteteko garaia da”, nabarmendu zuten alde zaharreko auzokideek.
Azken aldarri bat ere egin zuten: “Gure egoera berdinean edo antzekoan daudenei antolatzeko deia luzatzen diegu. Negozioa egin nahi dutenei modu kolektiboan egingo diegu aurre. Gu ez gara lehenak, eta gehiago ere etorriko dira”, ohartarazi zuten.
LABek gogorarazi zuen urte hasieran erabaki zuela etxebizitza problematikari aurre egiteko ekintza sindikala bultzatzea, eta ordutik hainbat gatazka kolektibotan parte hartu du: alokairuen prezioa jaisteko negoziazioetan, etxegabetzeei aurre egiteko ekimenetan eta klausula abusiboen aurkako neurrietan. Atzokoa izan zen hilabeteetako bide baten lehen urrats publikoa, borroka berri baten hasiera.

