2026-09-25
HomeEkintza SindikalaGenozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin

Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Lanuzte Orokorrerako deialdia iragarri dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urriaren 15erako, eta deialdi hori Nafarroan ere egingo da. Borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena.

Lanuzte orokorra 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara izango da, eta mobilizazio nagusiak 11:00etatik 14:00etarako tarte horretan izango dira. Manifestazioak izango dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako kaleetan.

Hasieratik, gure erakundeek salatu dute eta jarrera argia erakutsi dute Israelgo eraso basatiaren aurrean Palestinako herriaren kontra. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen genozidio baten aurrean gaudela, Israelek berak edo hura sostengatzen duten gobernuek eta interes ekonomikoek salbu. NBEren Batzorde Independenteak berriki argitaratutako txostenak Amnistia Internazionalak esandakoa berresten du: Israel Palestinaren aurka genozidioa egin du (eta egiten ari da) Gazako Zerrendan.

Europan, herritarren presioak fruituak ematen ari dira Europako Batasunaren eta Israelgo merkataritza-hitzarmenaren etetearen alde. Hala ere, Europako Batzordeak ematen dituen urratsak beranduegi emanak eta eskasak dira. Horregatik, Europako Batzordeari exijitzen diogu onar dezala Israel genozidioa egiten ari dela Gazan, eta hautsi dezala erabat Europako Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena. Ez da zilegi genozidioa, gerra krimenak eta etengabeko nazioarteko legediaren urraketak egiten dituztenekin harreman komertzialak izatea.

Gogoratu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Hegoafrika Israelen aurka auzian, 2024ko urtarrilaren 26an, martxoaren 28an eta maiatzaren 24an eman zituen behin-behineko neurrien aginduen bidez, Israelek 1948ko Genozidioaren Hitzarmenaren arabera genozidioa osatzen duten ekintzak egin ditzakeela ondorioztatu zuela. Auzitegiak Israeli agindu zion ekintza genozidak galarazteko eta laguntza humanitarioaren sarrera oztoporik gabe ahalbidetzeko. Determinazio juridiko horiek estatuak zein eragile ez-estatalak, enpresak barne, ohartarazten dituzte halako ekintzak materialki ahalbidetzeak dakartzan ondorio juridikoez. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren neurri lotesleak igorri ondoren ere erabilera bikoitzeko artikuluen esportazioek, batez ere azken erabiltzaile militarrentzat, gutxienez erabilera ilegal posiblearen ezagutza suposatzen dute, eta hortaz, erantzukizun penala ekar dezakete.

Azken bi urteetan ikusi dugun bezala, guk ordezkatzen dugun sindikalismoak eta gehiengo sozial zabal batek Gazan genozidioa amaitzeko eskatzen dute, eta Palestinak estatu aske izateko eskubidea izatea. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatzen diegu genozidioarekin harreman oro eteteko, eta euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita, Palestinaren autodeterminazio-eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere.

Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, hausnarketa etikoa egin dezaten eskatzen diegu, eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin.

Azken batean, urriaren 15ean mobilizatuko gara honako hau eskatzeko:

  • Langile klase osoaren elkartasuna adierazteko Palestinako herriarekin. 
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko. 
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzeko, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. 
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzeko. 
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzeko. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu. 
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.