2026-03-14
HomeIdazkaritzakLan Osasuna IdazkaritzaBi langile hil dira pasa den astean lan-istripuetan

Bi langile hil dira pasa den astean lan-istripuetan

Joan den asteazkenean, 54 urteko A.F.R., Nafarroako garraiolaria, hil zen Kataluniako hiriburuan, EBRO ibilgailu-enpresan kamioia deskargatzen ari zela. Hurrengo egunean, ostegunean, Oreretako Merkaoiartzunen 58 urteko J.M.G.D. langilea zendu zen, istripu ez-traumatiko baten ondorioz, GESTORGANIK S.L. enpresarentzat lanean ari zela.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere samina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie bi langileen senide, lagun eta gertukoei.

LABek gogorarazi nahi du, joan den uztailean Busturialdean zamatze-lanetan gertatutako istripuan bezala, prebentzio-araudiak aurreikusten duela zama-lanak egiteko prozedura, eta enpresa kontratatzaileek prozedura horiek garatu eta ezarri behar dituztela, garraiolariak kabinan bertan itxaroten edota gune seguruetan egoten direla bermatzeko. Beraz, koordinazio-prozedura bat garatzea ezinbestekoa da arrisku mota hori kontrolatzeko. EBRO enpresaren kasuan, prozedura ez zegoen garatua edo ez zen praktikan jarri; bi egoerak dira, legeak agintzen duen bezala, enpresarien erantzukizunpekoak. Bartzelonako enpresa horrek bi langileren heriotza eragin du hilabete gutxiren buruan.

Merkaoiartzunen gertatutako istripu ez-traumatikoari dagokionez, jakin dugu langileak gutxienez 2022tik aritu zela modu prekarioan, beste lankideen bajak eta oporrak ordezkatzen. Istripu ez-traumatikoen atzean hainbat kausa egon daitezke; hala ere, prekarietateak sortutako ziurgabetasuna eta estresa arrisku-faktore argiak dira, eta, gainera, gero eta ohikoagoak.

Istripu traumatikoen kasuan agerikoa da prebentzio-arauak behar bezala ez aplikatzea (zamatze-lanetako prozeduren kasuan, esaterako). Istripu ez-traumatikoetan, berriz, ikusten ari gara prebentzio-neurriak ez ezartzeaz gain, arrisku-faktoreak —prekarietate gero eta nabarmenagoa, bereziki— gero eta presenteago daudela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan ELA, LAB,...