2026-10-02
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaBerriz ere negozioa lehenetsiko da langileon interesen gainetik AHTa bultzatuz

Berriz ere negozioa lehenetsiko da langileon interesen gainetik AHTa bultzatuz

Atzo eta gaur Europar Batasuneko eta munduko hainbat enpresetako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Sustapen Ministerioko kideak, izan dira AHTari buruzko jardunaldietan Bilbon. Jardunaldi hauetan entzungo diren ahotsak azpiegitura honen aldekoak baino ez dira izango berriz ere, momentu bakar batean ere ez dute zalantzan jarriko zorakeri honi amaiera eman behar zaionik, kontrakoa, Ana Oregi, Urkulluren Gobernuko Sailburua pozarren dago Madrilgo Gobernuak 2019rako jarri dielako lanei bukaera epea.

Jardunaldian parte hartuko duten enpresak: Construciones Viuda de Sainz, Thales, Orona, Grupo Balzola, Grupo Campezo, Dragados, Cycasa canteras y construcciones, Saitec, Altuna y Uria, Fulcrum, Fomento de Construcciones y Contratas (FCC), Siemens, Construcciones Moyúa eta Elecnor dira, eta badakigu herritarren beharrizanen arabera baino, hauen negozio interesetarako hartuak dituztela AHTarekin aurrera egiteko erabakiak.

Betiko diskurtsoak izango dira Euskalduna Jauregian, interes publikoaren alde eraikiko dutela, tren honek Europarekin batzen gaituela… dagoeneko beraiei ere gero eta gehiago kostatzen zaie jendartean diskurtso hau sozializatzea. Euskal Herrian, makro azpiegitura honek arrazoi ekonomiko, sozial eta ingurumenari dagozkienagatik, oposizio zabal eta anitz izan du planteatu zenetik oso agerikoak diren arrazoiengatik. LAB sindikatua, beti egon da, eta egongo gara oposizio horretan kokatua eta antolatua AHTa gelditzeko borrokan, langileon kalterako baino ez den proiektu elitista bait da.

AHTa ez da bideragarria eta beste egoera sozio ekonomiko batzuetan jendarteak argi bazuen ez zuela diru publikoa horrela gastatu nahi, diru publiko hori arlo sozialetik, hezkuntzatik, osasungintzatik kentzen ari zaizkigun honetan, gutxi batzuen negoziorako bideratzea genozidioa dela deritzogu.

Puntu honetararte helduta, proiektua atzeraezina dela saldu nahi digute behin eta berriz, ba zulo honetan langileak eta orohar herritar guztiak sartzea beraien ardura baino ez da, eta noizbait ondorioak ekarri beharko dizkie erabaki horren erantzuleei. LABek obrak gaur bertan gelditzea arduraz jokatuz, moratoria eta auditoria soziala exijitzen die proiektuan arduradun diren administrazio ezberdinei.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.