2024-05-04
HomeEkintza SindikalaBero boladen aurrean ekintza sindikala aurrera eramateko gida aurkeztu dugu

Bero boladen aurrean ekintza sindikala aurrera eramateko gida aurkeztu dugu

Gero eta ugariagoak diren beroaldien ondorioz, tenperatura altuek berekin dakarten arrisku faktorea ere handitzen ari da. Hori dela eta, arrisku hori identifikatu eta mugatzeko lan egingo dugu, muturreko kasuetan laneko jarduera eteteraino.

LAB sindikatuan lan osasunaren arloan prebentzioak duen berebiziko garrantzia azpimarratu izan dugu behin eta berriro. Bada, oraingo honetan, gero eta ezagunagoak zaizkigun bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalaren gida aurkeztu dugu Lan Osasuneko idazkari Inko Iriarte eta Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegiren eskutik. Gida osoa hemen kontsultatu daiteke:

Kapitalismoak, bere oinarrietako bat den etengabeko hazkundearen mitoaren bidez, planetaren mugak zeharkatu ditu. 2022koa orain arte ezagutu dugun udarik beroenetakoa izan zen; guztiok ditugu gogoan iaz Nafarroan egondako suteak. Aurten ere jada 43 egunetan izan ditugu 30 gradutik gorako tenperaturak, eta 21 egunetan 35 gradutik gorakoak ere bai. Gero eta egun bero gehiago ditugu urtean zehar, eta egun horiek gero eta beroagoak dira. Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC, ingelesez), azken txostenak ere argi dio: planetaren tenperatura gora doa, eta lehorteen, bero-boladen eta bat-bateko tenperatura-aldaketen arriskua biderkatzen ari da.

Aldatzen ari den egoera honek ekintza sindikala ere egokitzera eraman gaitu, eta beroagatik lanean sortzen diren arriskuetan arreta handiagoa jartzera. Arriskuok identifikatu eta soluzioak jartzeko eskaerak egiteaz gain, enpresek konponbiderik jarri ezean ekintza sindikala aktibatzeko hautua egin dugu.

LAB sindikatuak gaur aurkeztu duena lantegietan jardun ahal izateko protokoloa da, lan osasuna eta beroa batzen dituen gida. Batetik, araudiak gaiari buruz dioena azaltzen du, hau da, lantokietan legez eskatu eta kontrolatu dezakeguna. Bestetik, enpresetan landu beharreko ekintza sindikala zehazten du, arriskuak mugatzen saiatzeko eman beharreko urratsak jasota. Azken muturrean, arrisku larria eta berehalakoa dagoela ulertuz gero, lana etetea bultzatuko du LABek, ondorio larriagorik ez pairatzeko.

Gauzak horrela, enpresariei duela 27 urtetik derrigorrezkoak diren lan osasunerako neurriak ezarriaraziko dizkiegu, hala nola langile bakoitzaren ezaugarriei egokitutako ebaluaketa espezifikoa, ebaluaketa horren emaitzen araberako neurriak abian jartzea (neurri kolektiboak lehenetsita) eta, azkenik, antolakuntza bera moldatzea.

Neurriok bete ezean, LABek determinazioz eta urrats antolatuak emanez erantzungo du. Honako hau izango da beroarekin lotutako arrisku egoeren aurrean sindikatuak aurrera eramango duen protokoloa:

  1. Enpresari formalki eskatzea legezkoa den arriskuaren prebentzio jarduera espezifikoa.
  2. Osalan eta NOPLOIri jakinaraztea neurketarik egiten ez dela edo neurketa antzuak direla.
  3. Lan ikuskaritzari jakinaraztea arau haustea eta arriskuaren esposizioa.
  4. Antolakuntza neurriak abian jartzea aldebakarrez, sentsazio termikoaren arabera atsedenaldiak egingo direlarik.
  • Sentsazio termikoa neurtzeko baliabide tekniko errazak eskaintzea delegatu eta afiliatuei, baita informazioa eta formakuntza ere.
  • Sentsazio termikoa maila arriskutsuetara iristean atsedenaldiak behartzea. Gero eta sentsazio termiko handiagoa, orduan eta atsedenaldi luzeagoak (lokal klimatizatuetan). Une jakin batean, muturreko egoeran, jarduera geratzeko prozedura abian jarriko da, prebentzio legearen 21, artikulua baliatuz.
  • Nola iritsi horraino? Berme juridikoak eskainiz. Azkenean, enpresari merkeago aterako zaio neurriak hartzea gure ekintza sindikala pairatzea baino.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.