2024-05-13
HomeUncategorizedBake Artisauen absoluzioaren alde mobilizatuko gara

Bake Artisauen absoluzioaren alde mobilizatuko gara

Prentsaurrekoa egin dute gaur Bilbon Foro Sozialaren kide izandako LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek eta jendarte zibileko hainbat ordezkarik, hala nola, Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz & Hitz, Bakea eta Duintasuna eta Sare Herritarra. Bertan, apirilaren 2an eta 3an, Parisen egingo den Bakearen Artisauen aurkako epaiketaz aritu dira. Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry auziperatu gisa bertaratu beharko dira. Bien absoluzioa eskatu dute eta apirilaren 3an Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Bakearen artisauen aurkako epaiketaren aurrean erantzuteko beharra partekatzen dutela nabarmendu, eta Ipar Euskal Herrian auzi hori dela-eta garatzen ari den dinamika zabalarekin bat egiten dutela adierazi dute.

Igor Arroyok ere hitza hartu du eta nabarmendu du Luhusoko epaiketak argi adierazten duela Euskal Herrian egondako bake prozesuaren izaera ezohikoa. Alde batetik, bi estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek jarritako oztopoak izan direlako; eta bestetik, oztopo horiek gainditzeko egindako ahaleginak, ez soilik Ezker Abertzalearen aldetik, baizik eta Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko anitzen aldetik ere. “Euskal eragileen bultzadaz eta nazioarteko eragileen babesaz egin du aurrera konponbidearen agendak”, adierazi du.

Gaineratu du estatuek jarritako oztopoak ez direla guztiz desagertu, bake artisauen aurkako epaiketak erakusten duen bezala. Espainiako estatuari dagokionez, berriz, adierazi du azken legegintzaldian aurrerapausoak eman badira ere, bi eremutan dirau jarrera ukatzaile eta oztopatzaileak.

Lehenik eta behin, mugatuak izanda ere euskal instituzioek biktima guztien aitortzarako bideak ireki dituzten bitartean, Espainiako estatuak ez du halakorik egin; ez da egon gerra zikinaren, indarkeria polizialaren eta torturaren ondorioz eragindako minaren aitortzarik.

Bigarrenik, sakabanaketarekin amaitu bada ere, euskal presoei ezarritako salbuespenezko legedi penala eta penitentziarioa ez da erabat indargabetu. Kondenen luzapena helburu duen ingenieria juridikoa eraistea eskatu du, baita euskal presoek baldintzapeko askatasunerako ibilbidea egitea eragozten duen jarduera oro bertan behera uztea ere, hala nola, gradu aldaketaren aurkako helegiteak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:04:15

Milaka lagunek alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Bilbon eta Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak deitutako mobilizazioek 60 eragile sozial baino gehiagoren atxikimendua jaso dute.

Langileok kalera aterako gara Rafahko erasoaldia eta palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzera

Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera mobilizatuko gara maiatzaren 17an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan nahiz lantokiz lantoki.

Atzo aurkeztu zen Mecanerrentzako etorkizun ekologiko eta sozialaren aldeko herri-ekimena babesten dugu

Era berean, pozgarria da ELA sindikatuak jarrera aldatu izana; izan ere, Batzordearen gehiengoak defendatzen duen eta hainbat eragile sozial, akademiko eta instituzionalek babesten duten fabrikarako alternatiba ekosozial baten proposamena hainbat hilabetez oztopatu eta baztertu ondoren, orain plan bat duela iragarri du.