2024-09-20
HomeEkintza PolitikoaAzaroaren 25ean indarkeria matxista gabeko lantokiak aldarrikatuko ditugu emakume* guztiontzat

Azaroaren 25ean indarkeria matxista gabeko lantokiak aldarrikatuko ditugu emakume* guztiontzat

LABek urteak daramatza indarkeria matxista lantokietan salatzen eta hauek indarkeriarik gabeko gune askeak izan daitezen aktiboki borrokatzen. Aurten, beharrezkoa ikusi dugu indarkeria matxistaren ikuspegi intersekzionalari heltzea, eta berau lan munduan nola gauzatzen den ikusaraztea, hau da, honek sortzen dituen zapalkuntza anitzak nola elkar gurutzatzen diren. Eta, horren ondorioz, ezkutuan geratzen diren hainbat errealitate ezberdinak ikustaraztea, emakume* migratu, aniztasun funtzionala duten edo LGTBI+ kolektibokoetako kide direnei indarkeria matxistak nola eragiten dien mahaigaineratuz.

Horrekin batera, beharrezkoa iruditzen zaigu, egun, zer nolako alternatibak, tresnak eta baliabideak dauzkagun horren kontra borroka egiteko mahai gainean ipintzea ere. Guzti hau lantzeko, datorren azaroaren 24an militantziarentzako barne-jardunaldia egingo du LABek Iruñean. Bertan parte hartuko dute Ana Pinto eta Najat Bassit-ek (Jornaleras de Huelva en Lucha-ko kideak), Miren Beltran Lantegi Batuak-eko langileak, Aitzole Araneta sexologo, berdintasun- teknikari eta trans ekintzaileak eta Elixabete Etxeberria LABeko Idazkari Feministak.

Honetaz gain, azaroaren 22an, Bizkaiko kontserberetan indarkeria matxistarik gabeko lantokiak aldarrikatzeko mobilizazioa egingo du LABek Bermeon, 11:00etan Salica enpresaren aurrean. Izan ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta horietako bat lan munduak emakumeok* jasan behar dugun prekaritatea da. Sektore honetako langileek greba egingo dute azaroaren 30ean hitzarmen duin baten alde.

Ekimen propio hauez gain, Euskal Herriko Mugimendu Feministak “Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain. Autodefentsa feminista antolatu dezagun” lemapean azaroaren 25ean antolatutako mobilizazioekin bat egiten du LABek. Zehazki, Baionan 18:00etan izango da manifestazioa Moracin plazatik hasita; Bilbon 19:30ean Jesusen Bihotzetik; Donostian, arratsaldeko 19:30ean Bulebarretik hasiko da manifestazioa; Gasteizen, 19:00etan Iparralde Gizarte Etxetik, eta Iruñean 20:00etan Baluartetik. Hiriburuetakoez gain, herri eta eskualdeetan ere hainbat mobilizazio egingo da egun horretan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.