2026-08-20
HomeEtxe kaleratzeakAtzoko gertakari larria salatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko manifestazioak bihar Bilbo, Gasteiz...

Atzoko gertakari larria salatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko manifestazioak bihar Bilbo, Gasteiz eta Donostian

Atzo Donezteben, etxe kaleratze prozesu batean zegoen pertsona batek bere buruaz bertze egin du. Euskal Herria Martxan ekimenaren sustatzaile garen ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN, CNT sindikatuek eta eragile sozialek etxebizitza gabezia eta hau galtzeko arriskuarekin lotura duten heriotza gehiegi eman direla salatzen dugu.

Egun aplikatzen ari diren politiken ondorioz gizartean zabaltzen ari den sufrimendu eta baldintza okertzeen adierazle argia dira gertakari hauek.

Enpleguaren suntsiketa, gastu sozialaren murrizketak, zerbitzu sozialetan pertsonal eta baliabideen murrizketak, osasungintzan emandako murrizketak… ondorio larriak dituzte, bai norbanakoarengan, baita jendartean ere. Etxebizitza eskubidearen gainetik banka eta higiezinen negozioa babesteko gobernuek harturiko neurriek ere ondorio larriak dituzte, bai alokairua ezin ordaindu izangatik direnak eta bai hipoteka ordaindu ezinaren ondorio direnak.

Etxebizitza duin baterako eskubidea, pertsona ororen eskubidea izatea eskatzen dugu. Bankak etxebizitza sektorean daukan monopolioari aurre egiteko politikak ezarri behar dira instituzioetatik. Diru publikoa gehiengoaren eskubide eta beharrak asetzeko baliatuko dituen politikak behar dira.

Beraz, Nafarroako eta EAEko Gobernuei, Madridera so egon beharrean, pertsona guztiei etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak bertan har ditzaten dei egiten diegu. Etxebizitza ezin da espekulaziorako tresna bat izan, guztion eskubide bat da.

Azkenik, dei egiten dugu ostiral honetarako EAEko hiru hiriburuetan deituak ditugun manifestazioetan parte hartzeko. Lan duina eta eskubide sozialak aldarrikatzeko deituriko mobilizazio horiek, ezinbestean, atzoko gertakari larria salatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko baliatuko ditugu.
 


DEIALDIAK

BILBO
18.30etan Jesusen Bihotzatik

GASTEIZ
19.00etan Bilbo plazatik

DONOSTIA
19.00etan Bulebarretik
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...