2024-04-25
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakArte Ederretako Museoko azpikontratetako langileek greba egingo dute maiatzaren 16an

Arte Ederretako Museoko azpikontratetako langileek greba egingo dute maiatzaren 16an


Azpikontratatutako langileek kontzentrazioa egin dute gaur Museo atarian. Bertan, langile bezala bizi duten lan-egoera tamalgarria salatu dute. 34 dira kolektibo hau osatzen dutenak, denak Manpower Global Solutions enpresako langileak. Mobilizazioan bertan iragarri dute maiatzaren 16an egingo duten greba eguna.

Langileek adierazi dute zerbitzu publiko eta kultural bezala ematen dutela aupregia egunero, eta “duintasuna” eskatzen dutela bizi duten egoera latzean.

10 urte inguru daramatzate lanean, eta izoztuta dute soldata, hau da, azken urteotako berdina kobratzen dute. Euren lanpostuek ez dute inolako egonkortasunik, subrogazioa ez dagoelako bermatua.

1.200 eurotik gorako soldatak eskatu dituzte. Gaur egun, 880 eurotako soldata dute (hori lanaldi osoan ari direnek).

Museoaren jendaurreko aurpegia dira, erakusketa aretoetan balio handiko artelanak zaintzen dituzten pertsonak, bisitariei harrera egin eta sarrerak ematen dizkietenak, askotariko talde anitzei bisitaldiak eta tailer artistikoak eskaintzen dizkietenak, bisitarien zalantzak argitu eta euren iradokizunak eta kexak biltzen dituztenak, arte bilduma ezagutzera ematen dutenak…

Publikoari harrera zuzena egiten diotenak dira, eta agerikoa da museoak instituzio bezala, ezinbestekoa duela publikoa, bisitaririk gabeko museoa artelan biltegia baino ez delako. Langileak prekarietatean murgilduta dituen museo publikoa ez da inoiz izango ez kultura erreferente bat ezta jendartearentzako aberastasun iturri.

Bilboko Arte Ederren Museoak bere egitekoa betetzeko funtsezkoak dituen langileen lan baldintza duinak bermatzea eskatzen dugu. Eta Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Patronatoari beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen diegu areto zaintzaile, txarteldegiko langile, hezitzaile eta denda zein harrerako langileek laneko duintasuna berreskura dezaten, eta kalitatearen aldeko apustua eta lanaren defentsa egitea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.