2026-06-18
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoaAmiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako gaixotasun eta heriotzen segida etengabea dela salatu dute bere lankideek. “Gaixotasunak garatzeko behar duten denbora eta amiantoarekin lan egin den urteak kontuan hartuta, mineral hiltzaile horretatik eratorritako gaixotasunen epidemiaren zenitera heltzen ari gara”, adierazi dute.

CEMOSAko eta GRUPO CEMOSAko langile batzordearen oharra

AMIANTOA, HILTZAILE ISILA

Joan den maiatzaren 9an hil zen gure lankide Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAn lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Amiantoarekiko esposizioak eragindako gaixotasun eta heriotzen segida etengabea da. Gaixotasunak garatzeko behar duten denbora eta amiantoarekin lan egin den urteak kontuan hartuta, mineral hiltzaile horretatik eratorritako gaixotasunen epidemiaren zenitera heltzen ari gara.

Aspalditik jakina da zuntz honen arriskua (lehen asbestosi kasua 1906an diagnostikatu zen). 1973an, Osasunaren Mundu Erakundeak amiantoaren eta biriketako minbiziaren eta mesoteliomaren arteko harremana onartu zuen, eta 1978an, Europako Parlamentuak kantzerigeno gisa izendatu zuen. Hala eta guztiz ere, enpresek irabaziak hobetsi zituzten material hori erabiliz, langileon etorkizuna ziurgabetasunera, gaixotasunera eta heriotzara kondenatu zutelarik.

Biktimek, osasunarekin ez ezik, administrazio eta enpresen utzikeria ere ordaindu behar izan dute. Izan ere, gaixo egoteaz gain, kalteen laneko jatorria ezkutatzen edo kamuflatzen saiatzen dira, edo erantzukizuna lausotzen saiatzen dira, langileak non gaixotu diren zalantzan jarriz, edo erretzen zuela esanez, edo genetikoa dela…

Zoritxarrez, ez digute kaltea aitortuko borroka judizialik gabe. Berdin dio amiantoa kantzerigeno bat dela eta arnastutako edozein zuntz kantitatek etorkizunean patologia desberdinak gara ditzakeela jakiteak.

Produktu hori erabiltzean irabaziak izan zituzten enpresek, kantzerigenoa zela bazekitenean. Orain, aldiz, uko egiten diote dagokien erantzukizuna beren gain hartzeari.

Juanek Amiantorekin lan egin zuen CEMOSAn, eta hil egin da enpresen mozkinei lehentasuna eman zaielako. Ez zuen erretzen, eta kasu honetan berdin dio gainera, mesotelioma amiantoak soilik eragindako minbizia baita.

Bizitza laburtu diote, eta ezin zaie doan atera; horregatik, CEMOSAko zuzendaritzari eskatu behar diogu laneko osasunari eta esposizioari eragindako kalteak aitortzea, eta faimiliak auzibide luzera jo beharrik izan ez dezan. Baina ez kasu honetan bakarrik, baita etor daitezkeen kasu guztietan ere. Ezin ditugu familiak ibilbide judizial amaiezinetara kondenatu. Enpresak eragindako kaltearen ardura har dezan eta konpentsazioa bere gain har dezan exijitzen dugu. Gainera, berriro eskatzen dugu esposizioan egon diren aktiboan dauden langileei edo erretiratuei dagozkien azterketa medikoak egitea.

Talde mailan ere esperientziak irakatsi diguna aintzat hartu behar dugu: ezin dugu geure gain hartu gaixotzen eta hiltzen gaituzten materialekin lan egitea.

Horregatik, ezin dugu ahaztu. Juanenegatik nahiz orain Damoklesen ezpata bat gainean duten eta haien bizimodua aurrera ateratzeko lan egin zuten guztiengatik.

Arazo hau serioski hartzeko ordua da, eta CEMOSAk ezin du geldirik egon gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean. Enpresak gaia lehen lerroan jarri behar du, iraganeko esposizioen ondorioak arintzeko eta horietan duen erantzukizuna konpentsatzeko. Hori da bidea, osasuna eta bizitza defendatzeko bide bakarra.

Bukatzeko, Euskal Herrian azken egunetan, hiru lan istripuen ondorioz, bi hildako eta sei zauritu egon dira, horietatik bi larriak. Gure babes eta elkartasun guztia bidaltzen diegu zaurituei eta hildakoen senide eta lankideei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.