2026-03-07
HomeUncategorizedAkordio duina nahi dute AZTIko langileek

Akordio duina nahi dute AZTIko langileek

AZTIko langileek errespetu gehiago eskatu dute, eta euren gaitasuna eta ahaleginak aintzat hartzea, erosteko ahalmena eta lan-baldintza duinak ziurtatuko dizkieten hitzarmen baten sinaketaren bidez, soldata apalak, prekarizazioa, behin-behinekotasuna eta bermerik ezean oinarritutako zientzia eta ikerketa sistema gainditzeko.

Hauxe da AZTIko enpresa batzordeak kaleratu duen oharra:

Fundación AZTI – AZTI Fundazioa Euskadin erreferentziazko erakundea da ozeanografiaren, arrantzaren eta elikagaien ikerketan. AZTI-SIO izenarekin, eta izaera publikoa gordez, “Servicio de Investigación Oceanográfica”ren (SIO) eta “Arrantzarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea”ren (AZTI) bat-egitearen ondorioz sortu zen. 1994.ean AZTI izena hartu zuen.

Eusko Jaurlaritzak erakundea pribatizatzea erabaki zuen 1997. urtean, Fundación AZTI – AZTI Fundazioa sortuz, itsasoaren eta elikagaien ikerketari bideratutako irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua. Fundazio hau Eusko Jaurlaritza kide nagusi zen patronatu batek zuzentzen zuen. Hala, kontrola eta boterea mantentzen zituen, baina administrazioa konprometitu gabe. Gaur egun, arrantza-sektoreari patronatuko bi leku utzi ondoren eta kide berrien sarrerarekin, erakundearen kontrol publikoa lausotu egin da, nahiz eta egoitza nagusia eraikuntza publiko batean dagoen eta sorreran kide pribatuek 10 milioi pezeta bakarrik eman zituzten, Eusko Jaurlaritzak 270 eta AZTIk 384 jarri zituztenean.

2011az gero langileen soldatak izozturik daude, nahiz eta urtero, urte batean izan ezik, Fundazioaren emaitza ekonomikoak positiboak izan diren. Zuzendaritzak erakundearen jasangarritasuna erabili du neurria justifikatzeko arrazoitzat, eta hala onartu dute langileek krisiaren urteetan indarrean egon den hitzarmen kolektiboan. Gaur egun, enpresaren emaitzek eta aurreikuspen makroekonomikoek susperraldi bat erakusten dute. Hala ere, Zuzendaritzak ez du hori langileen baldintzen hobetzean isladatu nahi.

Urtebete luzez hitzarmen berria negoziatzen aritu ondoren, orain etenik dago negoziazioa Zuzendaritzak ez duelako onartzen soldatak KPIaren arabera eguneratzea. Aldi berean, erakunde txiki/ertain honetan dagoen goi-karguen ratioak (10 goi-kargudun 230 langilerentzat) ez du parekorik EAEko erakundeen artean. Gainera, azken urteotan, Fundazioak hainbat enpresatan inbertitu du, horietako batzuk zalantzazko errentagarritasuna zutenak edo zuzenean defizitarioak. Beraz, AZTI Fundazioko langileek sortzen dituzten irabazien xedea eztabaidagarria behintzat bada. Ez da dirurik egon gure erosteko ahalmena mantentzeko, baina bai zalantzazko enpresa-abenturetarako eta neurriz gaindiko goi-kargudun kopurua mantentzeko.

Konpromiso, motibazio, parte-hartze, bikaintasun eta ardura bezalako hitzek betetzen dituzte Zuzendaritzaren aurkezpen eta hitzaldiak, baina bere erabakietan ez dira agertzen esker on eta sustapen ekintzak. Izan ere, AZTIra sartu zenetik inolako sustapenik izan ez duen hainbat langile dago, askok 10 urte baino gehiago daramatelarik lanean, nahiz eta beraien lanbide-kategoriarekin bat ez datozen lanak egin eta ardurak hartzen dituzten. Askotan, lan bajak beteko dituen ordezkorik ez da hartzen eta, zoritxarrez, lan-gainkargak ohikoegiak dira.

AZTIko langileok errespetu gehiago eskatzen dugu, eta gure gaitasuna eta ahaleginak aintzat hartzea, erosteko ahalmena eta lan-baldintza duinak ziurtatuko dizkigun hitzarmen baten sinaketaren bidez. Ikerketa-zentro honetan akordio bat eskatzen dugu, soldata apalak, prekarizazioa, behin-behinekotasuna eta bermerik eza oinarri dituen zientzia eta ikerketa sistema bat iraunaraziko ez duena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak enpresei soldata igoeren inguruan gezurretan aritzea leporatu die, eta martxoaren 10, 11 eta 12an jangelak hustera deitu du

LAB sindikatuak gezurtatu egin ditu enpresek jangeletako ustezko soldata igoeren inguruan zabaldutako azken informazioak. Igoera horiek ez dira egungo negoziazioaren parte, nahitaez bete beharreko soldata-igoerak...

Dulantziko RTA (Revestimientos de tuberia y accesorios, S.L) enpresako langileek planto egin dute azken lan istripuaren aurrean eta segurtasun neurri errealak exijitu dituzte

RTA enpresako langileek gaur planto egin dute azken asteetan eman diren istripuen harira. 2026An iada 3 istripu eman dira. Datu horrek agerian uzten du...

LABek salatu du ez dagoela arrazoirik altzairutegia ixteko, ezta Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeko ere, eta ohartarazi du gatazkak kontsultalditik harago jarraituko duela

Tubos Reunidosek planteatutako EEEaren kontsultaldiaren azken bileratik egun gutxira, LABek argi eta garbi berresten du ez dagoela altzairutegia ixtea edo 301 lanpostu suntsitzea justifikatzen...