2026-10-01
HomeEkintza SindikalaAinhoa Etxaide: "Ekintza sindikala zigortu nahi dute"

Ainhoa Etxaide: “Ekintza sindikala zigortu nahi dute”

David Gonzalez eta Alexis Rodriguez epaitu dituzte gaur Bilbon, eta saioaren atarian elkarretarate bat egin du LABek, ‘Alexis eta David libre. Langile borrokaren kriminalizaziorik ez’ leloarekin, sindikatuko bi kideei elkartasuna adierazteko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek salatu du epaiketarekin askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat eman nahi dutela.

TMAren itxieraren inguruko gatazkaren lotuta dago epaiketa. 2013 urte bukaeran, 8 hileko greba baten ondoren, Etxebarriako Talleres Mecánicos Arakistain (TMA) enpresa itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin. Enpleguaren defentsan eta beraien soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Hala, enpresariak bi langile ohirentzat, Alexis Rodriguez eta David Gonzalezentzat, 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatu du, eta fiskalak 2 urte eta 3 hileko kartzela bakoitzarentzat.

Epaiketa gaur egin dute Bilbon, eta epaitegiaren atarian elkarretaratzea egin du LABek. Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek babesa eskaini die bi auzipetuei: “Epaiketa honekin ekintza sindikala, langileok gure eskubideak defendatzeko eskubidea, zigortu egin nahi dute. Berriro ere askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat eman nahi dute”.

Etxaidek gogoratu du Alexis Rodriguezek eta David Gonzalezek langileen eskubideak defendatzeagatik epaitu dituztela: “Epaituko duten gauza bakarra da langile batzuk euren lanpostuak defendatzeko eduki zuten aukeraren aurrean urrats bat eman izana. Ez zuten beste ezer egin, baina hori guztia egin zuten. Lanpostuak suntsitzen ari ziren momentu batean, enpresariei aukera eman zitzaienean, inolako mugarik gabe, inolako kosturik gabe, lanpostuak eta enplegua suntsitzea krisia baliatuz, hainbat eta hainbat langilek urrats bat egin zuten aurrera, hainbat eta hainbat langilek beraien lanpostua eta Euskal Herrian lan egiteko eskubidea defendatu zuten. Hori da gaur epaitegi honetan egoteko arrazoia”.

Euskal sindikalgintza, borrokalaria den neurrian, ilegalizatzen saiatu direla nabarmendu du; euskal sindikalistak borrokalariak direlako salatu dituztela, alegia. “Kriminalizazioa badago, diziplinatzeko helburuarekin, baina ez dugu onartuko”, esan du LABeko idazkari nagusiak.

“Zer da eskatzen duguna? Oso oinarrizko gauza bat. Botere publikoa den neurrian, behingoz langileen alde jar dadila, behingoz herritarren alde jar dadila, behingoz eskubide sozialen alde jar dadila. Hori da eskatzen duguna, absoluzioa. Horrek esan nahiko luke badagoela botere publiko bat enpresariei mugak dituztela esaten diena, eta langileak eta herritarrak babestu behar direla aitortzen eta onartzen duena”, erantsi du Etxaidek.

Manifestazio jendetsua
Epaiketaren harira, ehundaka herritarren babesa eta elkartasuna jaso zuten igandean Alexis Rodriguezek eta David Gonzalezek, Markinan egindako manifestazio batean.

Epaiketa eginda, ebazpenaren zain geratu dira bi auzipetuak. Fiskalak zein akusazio partikularrak mantendu dituzte euren zigor eskaerak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.