2024-05-04
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaIkastetxeetako garbitzaileen ustez, maiatzaren 18an geletara itzultzea presaka hartutako erabakia izan da

Ikastetxeetako garbitzaileen ustez, maiatzaren 18an geletara itzultzea presaka hartutako erabakia izan da

Hezkuntza Saileko garbitzaileek salatu dutenez, ikasgeletara itzultzeko egun gutxi falta direnean ez zaie itzulera-plan berririk jakinarazi, egokitzapenprotokolorik entregatu edo jarraibide espezifikorik eman, egoera berri honetan ikastetxeen higienizazio egokia bermatzeko.

Kezkatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako garbiketa-taldea, Hezkuntza Saileko langile publikoek eta garbiketa-kontraten langileek osatzen dutena.

Komunikabideen bidez jakin zuten Eusko Jaurlaritzaren planei buruz, lehenengoz ikasleak ikasgeletara itzultzea maiatzaren 18an inposatuz (eta hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragile guztien kritiken ondoren, azkenik, "baimenduz"). Garbitzaileek salatu dutenez, itzulera hori gauzatu eta egun gutxira, garbiketa-taldeak ez du inolako komunikazio ofizialik jaso, ez Hezkuntza Sailetik, ez enpresen aldetik ere.

Talde honek garbiketa-zerbitzuak ematen jarraitu du, konfinamenduaren faserik zorrotzenean ere. Funtsezko zerbitzua denez, egunero joan behar izan dute lanera, ia beti garraio publikoan, garbituta eta itxita zeuden zentroak garbitzera, maskara bakar bat ere eman gabe.

Zerbitzuaren arduradunek bi hilabete izan dituzte zentroak noiz eta nola irekiko ziren aztertu eta egokitzeko, baina gaur egun ez dute inolako aldaketarik jakinarazi garbiketa zerbitzuari dagokionez.

Ez dago ikastetxeak higienizatzeko protokolo berririk, ez zaie desinfekzio prestakuntzarik eman, ez eta egoera berrietara egokitzeko jarraibiderik komunikatu ere.

Herritarroi arreta handiz ibiltzeko eskatzen zaigun une batean, deseskalatzeko 1. fasea deiturikoa mugatuz, zentroak irekitzeko baimena eman dute, garbiketa zerbitzua nola egokituko den aztertu gabe, haien osasungarritasuna bermatu ahal izateko.
LAB sindikatuak salaketa hori publiko egin nahi du, eta Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari erantzukizunez jokatzeko eskatzen die, atzera egiteko eta presak alde batera uzteko.

Bilerak egiteko garaia da, nolanahi ere, irailean abiarazi beharko diren higiene eta osasun neurriak lantzeko eta eztabaidatzeko, denon artean ikastetxeak ikasleentzako eta bertan zerbitzua ematen duten langileentzako gune seguruak izango direla bermatzeko.

Garbiketako langileei prestakuntza emateko unea da, produktu eta teknika egokienak aztertzeko, zerbitzua berrantolatu eta indartzeko, lanaldia luzatuz eta kontratazio berriak eginez, norbera babesteko ekipamenduen hornidura ziurtatzeko, eta hezkuntza-komunitate osoaren osasunaren zaintza bermatzeko. Hori guztia egin arte, ikastetxeak irekitzea benetako arduragabekeria da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.