2026-10-28
HomeIndustriaMetalgintzaArcelor Mittalek ABEEE bat aurkeztu du kaleratzeak iragartzen dituen bitartean

Arcelor Mittalek ABEEE bat aurkeztu du kaleratzeak iragartzen dituen bitartean

Ezinbesteko ABEEE bat ukatu ostean, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak gaur, apirilak 28, jakinarazi du ABEEE bat ezartzeko asmoa duela, arrazoi objektiboengatik, multinazionalak Estatuan dituen lantegi guztietarako. Enplegu-erregulazioko espediente horrek 8.236 langileri eragingo lieke, eta urtebeteko iraupena izango luke. Era berean, enpresak iragarri digu 50 eta 100 kaleratze artean egiteko asmoa duela, zein lantegitan egingo liratekeen zehaztu gabe. Kaleratze horiek, enpresaren beraren arabera, ezinbesteko ABEEE ez onartzeagatik galdutako diruari aurre egiteko egingo lirateke.

Enpresak ez du neurri horren ondorioak arintzeko inolako osagarri ekonomikorik proposatu, baina "negoziatzeko prest" agertu da. Ez du dokumentaziorik aurkeztu, baina gaur helaraziko dutela ziurtatu du.

Multinazionalaren zekenkeriak eta moraltasunik ezak ez dute mugarik. ABEEE berri bat iragartzen diguten bitartean, Arcelor Mittal 2009tik UGT eta CCOOen laguntzarekin aplikatzen ari den ABEEEa "oso garestia" iruditzen zaiolako, 50 eta 100 langile artean kaleratzeko asmoa du. 2009. urteko ABEEEa aplikatzen hasi zenetik, enpresak enplegua suntsitu besterik ez du egin, %50 baino gehiago Euskal Herriko lantegietan, eta horren ordez prekarioagoa den beste bat ezarri du. Enpresak esan du lan-kostua % 46 murriztu behar dela, baina altzairugintzako langileen gastua gastu osoaren% 8-10 baino ez da.

ABEEE hau ez da beharrezkoa eta ez dago justifikaziorik. Dagoeneko onartuta dauka ABEEE bat, 11 urte daramatzana langileei nahi duen bezala aplikatzen. Euskal Herriko lantegi batzuk %100ean ari dira lanean. Enpresak langileak gehiago zigortu nahi ditu, kaleratze, prekarietate eta inposizio gehiago eskainiz. LAB zigor neurri berrien aurka dago erabat.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egin diote euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute Ernaik eta LABek.

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.