2026-11-07
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaBehin-behinekotasuna prekarietatea da! Egonkortasuna orain!

Behin-behinekotasuna prekarietatea da! Egonkortasuna orain!

Urteak daramatzagu euskal administrazioetan dagoen salbuespen egoera salatzen. Eremu eta instituzio askotan bitarteko langileak langile finkoak bezain beste daude, kasu batzuetan bitarteko langileak gehiago badira ere. Are eta latzagoa da egoera, behin-behinean dauden langile hauen profilari so egiten diogunean; emakumea, familia ardurekin eta 8 edo 10 urteko antzinatasuna enpresan.

Garbi dago egoera hau ez dela kasualitatearen ondorioz eman. Instituzio nagusietan eta bereziki Eusko Jaurlaritzan agintean egon diren alderdi politikoek eragindako egoera izan da hain zuzen ere. Hauen aitzakiak Madrildik etorri diren debekuak izan dira; gure ustez, debekutik harago, ikuspegi neoliberalak defendatzen duen administrazio eredua martxan jarri nahi dute. Ozen aldarrikatu zuen Urkullu Lehendakariak hauteskunde kanpainan «guk ez dugu esango administrazioa argalduko dugunik, argalduko egingo dugu!» Eta horretan dihardu ahal duen autoritarismo handienarekin. Behin-behinekotasuna eremu publikoa ahuldu eta pribatizaziorako lehen urratsa da. Gaur egun bizi dugun egoera beraz ez da kasualitatea, estrategia oso baten hanka da.

LABetik kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat aldarrikatzen ari gara. Enplegu publikoari dagokionez bizi dugun salbuespeneko egoerari erantzungo dion lege propio bat hain zuzen. Eusko Legebiltzarrak halako lege bat onartu dezake eta euskal administrazio guztietan aplikagarri izan daiteke; borondate politikoa besterik ez da behar, Ajuria Enean ikusten ez dena.

Orain arte ez dugu legebiltzarrean prekarietatearekin amaitzeko borondate nahikorik ikusi. Guretzat bide eraginkorrena legea onartzea eta negoziazio kolektiboaren bidez kontsolidazio prozesuak adostea da zalantzarik gabe. Urteetan zerbitzu publikoak aurrera ateratzen egon diren milaka langileen egonkortasunaren aitortza egin behar dela zalantzarik ez dugu. Ez dugu uste ordea soluzioak epaitegietatik etorriko direnik. Kontsolidazio prozesuak egonkortasun plangintza integral baten baitan kokatu behar dira, etorkizunean egoera berdinean aurkitu ez gaitezen.

Honengatik guztiagatik inoiz baino garrantzitsuagoa da lan zentroetan mobilizatzea eta kaleetan presioa egitea. Eusko Jaurlaritza ez da Madrilen erabakitzen diren irizpideez ezer aldentzen. Erabateko konplizitatea eta morrontza dauka Espainiako gobernuarekin, gobernu biek partekatzen duten sektore eredua poliki poliki martxan jarri nahi dute. Gure baitan dago sektore publiko indartsu baten defentsa eta euskal administrazioetan ematen den prekarietate egoerarekin bukatzea. Ez dugu begirada Madrilera edo Estrasburgora bideratu behar, euskal agintariak dira euskal prekarietatearen errudunak. Soluziobide eraginkorrenak gure legebiltzarretan eta negoziazio mahaietan daude.

Hauteskunde giro honetan sektore publikoan dagoen prekarietate egoera agendan kokatzea beharrezkoa ikusten dugu. Horretarako hurrengo egunetan beste behin ere kalera aterako dugu egonkortasunaren aldeko aldarria. Euskal administrazioetan dagoen egoeraren erantzuleak zuzenean interpelatuko ditugu, milaka langileen egoera bizkarrean sentitu dezaten. Mobilizazioaren bidez lortuko dugu!!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.