2026-10-28
HomeEkintza SindikalaEuskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Euskara larrialdi egoeran dagoen honetan, LABek ez du onartzen murgiltze ereduari egoztea emaitza kaskarren errua. Are gehiago, euskarazko gaitasuna indartzeko neurriak eta baliabideak lehenetsi behar dira; besteak beste, EHIko (Entzumen eta Hizkuntza Irakasleak) irakasleak esleitzeko adostutako irizpideak ezarri, EUSLE hizkuntza- murgiltze programa zabaldu, hizkuntza proiektu integralak bultzatu eta hezkuntzako langileentzako euskara planak ezarri.

LABentzat, baliabideak, estrategikoak izateaz gain, ezinbestekoak izan ziren akordioa adosteko. Horregatik, Hezkuntza Sailari exijitu dio hartutako konpromiso guztiak bete eta adostutako baliabideak lehenbailehen ikastetxeetara bideratzeko, oraindik falta diren gainerako baliabideekin batera.

Era berean, irakurketa-idazketa prozesua indartzeko sailak ezarritako neurriak behar bezala aplikatzeko, ikastetxe guztiei baliabide gehigarriak emateko eskatu du LABek.

Bestalde, ikasle guztiek aukera berdinak izan ditzaten, jatorria edo egoera ekonomikoa edozein dela ere, hezkuntza sistemaren plangintzak gizarte-kohesioan oinarritu behar duela adierazi du sindikatuak.

Horretarako, LABek hainbat neurri proposatu ditu: D ereduko sare publikoa indartzea; ikaspostuen eskaintza tokian tokiko errealitatera egokitzea; matrikulazio-irizpide komunak ezartzea eta udal-matrikulazio bulego bakar eta lotesleak sortzea; euskaraz ikasteko eta euskal kultura ezagutzeko aukera bermatzea; egoera sozioekonomiko desberdinak dituzten auzoak eskola-eremu berean biltzea, bizitoki-segregazioa eskolan erreproduzi ez dadin; eta egoera zaurgarrian dauden ikasleei baliabide gehiago eskaintzea. Horrez gain, kuota bidegabeak eragozteko kontrola eta ikuskaritza areagotzea ezinbestekotzat jo du.

Azkenik, LABek ohartarazi du 2012an abiatutako digitalizazio-prozesua berrikusi beharra dagoela. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema gailu digital gehien dituzten sistemen artean dago. Horregatik, ikastetxeetan desdigitalizazio edo deshazkunde digitalerako neurriak hartzea proposatzen du.

Digitalizazio-eredua berrikusteko orduan, LABek kezka agertu du Google multinazionalarekin egindako akordioaren inguruan. Sindikatuaren esanetan, akordioak ez ditu Hezkuntza Legean jasotakoak betetzen, eta Hezkuntza Sailak ez dio behar bezala erantzun Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren ohartarazpenari.

LABek ezinbestekotzat jo du adimen artifizialaren erabileraz hausnartzea eta neurriak hartzea. Profesionalek ohartarazi dutenez, ikasleen kontzentrazioari eta arretari buruzko kezkei pentsamenduaren delegazioarena gehitu behar zaie.

Eztabaida ez datza teknologia berrien edo adimen artifizialaren alde edo kontra egotean. Gakoa ikasleak erabilera digitalean ahalduntzea eta pertsona kritikoak heztea da, teknologia modu etiko, arduratsu eta egokian erabil dezaten eta ikaskuntza-prozesuari benetako ekarpena egin diezaion.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.