Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo baten bidez ordainduko da, eta 160.000 € bildu nahi ditu.
Nola liteke Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak nazio bereizi gisa existitzen jarraitzea, estatu handiek barne-aniztasuna ito duten kontinente batean, eta inoiz babestuko zituen estaturik izan gabe? Horra hor Enigma dokumentalak erantzungo duen galdera. Zalantzarik gabe, jende antolatuari esker izan da, eta sindikatuek, kultur erakundeek, komunikabideek eta gizarte mugimenduek zeresan handia izan dute horretan. Mende erdi baino gehiagotik hiru nazio horiek biziraun egin dute aspektu nazionalari nahiz kulturalari dagokionez: diktadura bat igaro dute, globalizazioari aurre egin diote, eta orain eskuin muturraren gorakadari egin behar diote aurre.
Diru-bilketa abian
Proiektua istorioa kontatzen den moduan finantzatuko da: behetik gora eta autogestioz, euskal, katalan eta galiziar erakundeen finantzaketa kolektibo bateratu baten bidez. Verkamin martxan dago kanpaina, eta 160.000 € bildu nahi ditu. LAB sindikatua proiektuaren talde eragileko kide da, eta bere komunitateari dei egiten dio diru-bilketa honetan parte hartzera. Nahi duenak esteka honen bidez egin dezake bere ekarpena: https://www.verkami.com/projects/44126-el-gran-enigma
Dokumentalak ikerketa historiko eta akademikoko adituen begirada eta erresistentzia hori protagonizatu duen gizarte zibilaren ahotsak uztartuko ditu. Jaialdietara, areto komertzialetara, plataformetara, telebistetara eta sareetara iristeko pentsatuta dago, baina baita unibertsitateetan material hezigarri gisa eta komunikabideentzako erreferentziazko eduki gisa balio izateko ere.

