2026-09-29
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaNafarroako Jauregiaren aurrean mobilizatu gara, Hezkuntza Itunaren defentsan

Nafarroako Jauregiaren aurrean mobilizatu gara, Hezkuntza Itunaren defentsan

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu genuen sindikatuok jakinarazi nahi diegu irakasleei, eta oro har gizarteari, Nafarroako Gobernuak ez duela asmorik Itunean jasotako neurriak osoki betetzeko.

Aferaren berri ofiziala izan genuenetik, joan den urtarrilaren 15ean, bilerak izan ditugu Hezkuntzako Kontseilari jaunarekin eta Parlamentuko talde guztiekin, gure kezka azaltzeko.
Hezkuntza Ituna negoziatu genuenean, biziki kostatu zitzaigun zenbait neurriren egutegia adostea, Administrazioak ez baitzuen konpromisorik hartu nahi, finantzatzerik eta epean betetzerik ez bazegoen. Horregatik neurri gutxik dute osorik egikaritzeko epe zehatza.

Sindikatuok deitoratzen dugu Hezkuntza Departamentuak itundutakoa errespetatzeko duen beharra ez betetzea, ez baitute sartu 2020ko aurrekontuetan diru-zuzkidura aski sinatutakoa aurrera eramateko.

Gainera, aurrekontuen proiektuak ez dio Hezkuntzari nahiko baliabide ematen, hezkuntzako inbertsioa %17tik %16ra jaisten baita aurrekontu orokorrean. Bestalde, gogo gutxi erakusten du Gobernu Itunak ezarri duen Barne Produktu Gordinaren %5 Hezkuntzan inbertitzeko helburuari heltzeko.

Hezkuntza Departamentuak Ituna bete eta garatu behar duelakoan gaude, hori baitzen adostu zena, eta hezkuntza arloko konpromisoek ez dituzte jasan behar gobernu aldaketek sortzen dituzten gorabeherak. Bidenabar, Gobernua osatzeko Legealdi Akordian jasoa dago, eta Kontseilari jaunak berak eta Parlamentuko alderdi guztiek adierazi diote ituna betetzeari haien sostengua.

Egoera honen aurrean, zentzuzkoa eta beharrezkoa da neurri hauek diruz hornitzea 2020ko aurrekontuetan (57 urtekoen ordutegi murrizketa eta ordu gehiago ematea ikastetxeei zuzendaritza lanengatik galtzen diren orduak konpentsatzeko). Bide batez, egutegia behar da, garatu gabe dauden Ituneko beste neurri garrantzitsuen ezarpena gauzatzeko.

Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuok jo eta ke ibiliko gara lanean sinatutakoa betetzea erdietsi arte. Afera ez bada lehenago konpontzen, hurrengo otsailaren 27an, ostegunean, mobiliziazio bat eginen dugu eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu irakasleei eta jendarte osoari, egun horretan Parlamentuak Nafarroako 2020ko aurrekontuak onetsiko dituelako.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

LABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dugu

LABen, Izarkomen eta Goienerren iritziz energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen menpe egon. Premiazkoa da guztionak...