2026-10-13
HomeEkintza SindikalaNafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina...

Nafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina eskatzen dute

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan du sektoreko langileen artean eta ondorioz hainbat kultur jarduera bertan behera geratu dira. Horien artean, Gayarre Antzokian aurreikusitako ikuskizuna, Baluarteko areto nagusian programatutako dantza emanaldia eta Civivox Pompelon eskainitako emanaldi bat daude. Gainera, Baluarteko hitzaldiak soinurik eta argirik gabe egin dira.

Nafarroako ikuskizunetako teknikariek eta laguntzaileek arrakastatsutzat jo dute larunbatean, urriaren 10ean, deitutako greba eguna, 2023an hasitako sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan lan-baldintza duinak eta behin betiko aurrerapenak eskatzeko.

Kolektiboak urteak daramatza hobekuntzak eskatzen. 2021ean grebara jo zuen patronala negoziazio mahaian esertzera behartzeko. Bost urte geroago, mobilizatu egin da, behin betiko aurrerapenik ez dagoelako, eta negoziazioak akordio bihurtzea eskatu du. “2023tik ari gara hitzarmen hau negoziatzen, sektorearentzat hobekuntzak sinatzeko garaia da!”, aldarrikatu dute langileek.

Jardunaldiak agerian utzi du, halaber, sektorearen kohesioa; izan ere, dimentsio txikiak eta jardueraren berezitasunak gorabehera, babes- eta antolaketa-sareak indartu ditu. Soldatapeko langileak eta autonomoak deialdian inplikatu dira, eta kolektiboaren ustez, arrakastatsua izan da. “Gaur esan dezakegu benetan sektore kohesionatua garela”, nabarmendu dute.

Era berean, sektoreak eskerrak eman dizkie grebari elkartasuna adierazteko ekitaldiak bertan behera utzi dituzten kultur konpainiei eta musika taldeei. Hamar musika taldek baino gehiagok teknikarien aldarrikapenak babestu dituzte.

Mobilizazioaren ondoren, kolektiboak AESTANi bere erantzukizuna bere gain hartzeko eta hitzarmena sinatzeko beharrezko urratsak emateko eskatu dio. Datozen egunetan aurrerapenik edo negoziatzeko borondatearen seinalerik ez badago, mobilizazioekin jarraituko duela ohartarazi du.

“Antolatuta gaude”, azpimarratu dute langileek, eta aldarrikapenari eutsi diote: “Hitzarmen baten alde, prekaritateari teloia jaitsiko diogu!”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funtzio Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirikez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...