2024-05-07
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea Hiltzailea"Langileok ezin ditugu babestu lan hildakoak saihesteko konpromisorik jasotzen ez dituzten aukera...

“Langileok ezin ditugu babestu lan hildakoak saihesteko konpromisorik jasotzen ez dituzten aukera politikoak”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak Greba Orokorraren ondorengo testuinguru politiko eta sozioekonomikoa aztergai izan dute Bilbon. Bizitza duinaren alde, prekarietatearen kontrako borrokak ardatz hartuta iritsi ginen grebara. Urtarrilaren 30az geroztik, baina, langileon bizi eta lan baldintzek okertzen jarraitzen dute. Urtea hasi zenetik 12 langile hil egin dira eta 2 pertsona desagertuta daude une honetan. "Langileok kaleak bete ditugu dagoeneko, mezu argi bat luzatu dugu Greba Orokorrarekin, eta orain hautestontzietan luzatu behar dugu mezu hori", adierazi du Garbiñe Aranburuk, apirilaren 5ean hauteskundeak izango direla iragarri berritan.

"Azken Greba Orokorretik hamaika egun besterik ez dira igaro eta gaur arrazoi gehiago ditugu, indar eta konbentzimendu gehiago, lan, pentsio eta bizitza duinen alde lan egiten jarraitzeko".

Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Bilbon egindako agerraldian esandakoak. Arrazoi berriak ditugula adierazi du, greba egunetik beste bi langile hil egin direlako eta, momentu honetan, bi langile daudelako desagertuta. Hala, hauen senide eta lagunei elkartasuna adierazi die.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "azken egunotan agerian geratu da kapitala eta bizitzaren arteko talka. XXI mendean, Euskal Herrian lanera joateak gure bizitza arriskuan jartzea dakar. Ez dugu egoera hauek naturalizatzen uzten utziko, patronalaren indarkeria forma bat baita langileekiko. Lan istripuak saihestu daitezke, saihestu behar dira".

Garbiñe Aranburuk kritikatu du, urtarrilaren 30a historikoa izan arren, Iñigo Urkullu lehendakariarentzat egun huts bat izan zela; eta Zaldibarreko afera gauza bera dela harentzat, beste egun bat besterik ez: "Lehendakari honek, aukera duen bakoitzean, patronalari babesa erakusten dio; langileekin egoteko, berriz, ez du inoiz aukera ikusten".

Lau egun agertu gabe egon eta gero, lehendakaria atzo isiltasunetik irten zela azaldu du, "baina ez desagertutako langileen familiei elkartasuna adierazteko, ezta ardura politikoak argitzeko ere. Bi langile lur azpian daude eta bizitzak aurrera darrai, eta lehendakariaren kezka bakarra hauteskundeak dira. Hau oso larria da".

Eusko Jaurlaritzak ezin dio bere erantzukizunari uko egin, Zaldibarreko zabortegia kudeatzen duen enpresa pribatua dela esaten: "Gertatzen ari den guztia eskandalagarria da. Berriro ere, langileen osasuna eta bizilagunen osasun publikoa ez da erdigunean egon. Berriro ere, beste interes batzuek izan dute lehentasuna. Ekonomia egon da pertsonen aurretik".

Hutsune asko daudela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, eta euskal gehiengo sindikala halako egoeren aurrean etengabe mobilizatzen ari dela adierazi du: "Eta proposamenak ditugu. Grebaren harira, patronala eta instituzioak interpelatu ditugu. Orain EAEko hauteskundeak iragarrita daudela, LABetik uste dugu interpelazio horiek indartu behar direla".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "unea da gure aldarrikapenak agenda politikoan kokatzeko. Alderdi politikoei exijitzen diegu euren programa politikoetan grebara eraman ziguten aldarriak integra ditzaten".

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "langileok kaleak bete ditugu dagoeneko, mezu argi bat luzatu dugu Greba Orokorrarekin, eta orain hautestontzietan luzatu behar dugu mezu hori. Erantzukizunez erantzun behar dugu. Langileok ezin ditugu babestu lan hildakoak saihesteko konpromisorik jasotzen ez dituzten alderdi politikoak, lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko konpromiso argirik ez dituzten alderdiak. Izan ere, borondate politiko kontua da pertsonen beharrak lehenestea eta beste eredu ekonomiko eta sozialerako bidea egitea, justizia soziala eta lanaren eta aberastasunaren banaketa justua oinarri".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.