Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.
Lehenik eta behin, LABek azpimarratu nahi du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, etxebizitza larrialdi betean, neurri berriak bozkatzeko aukera egon bada antolatutako borroka sindikalari esker izan dela. Maizterrek, sindikalki antolatuta, aldaketa politiko legalak eragiteko gaitasuna erakutsi dute, eskubide berriak legez jasotzeko aukera irekiz.
LABentzat oso larria da gaur Espainiako Kongresuan gertaturikoa. Etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko eta eskubide berriak irabazteko borroka gai izan da azken hilabeteotan areagotutako agenda erreakzionarioari galga jartzeko, eta eskuin muturrak ezarri nahi izan duen elkarrizketa goitik behera aldatzeko aukera eman du. Junts-en eta EAJren zuzendaritzak, ordea, etekinak lortzeko helburuz etxebizitzak erosi eta metatu dituzten errentistekin eta etxebizitza espekulazioarako erabiltzen dutenekin lerratu dira beste behin, kalean borrokatutako agenda sozialari muzin eginez eta ultraeskuinari oxigenoa emanez.
Horrela, EAJk argi erakutsi du Madrilen noren interesak defendatzen dituen: higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde aritu dira jeltzaleak, UPN bezala. Izan ere, funts putreen eta etxejabe txikien arteko dikotomia faltsua saldu nahi izan dute Aitor Estebanen alderdikoek haien jarrera antisoziala justifikatzeko. Zoritxarrez, sindikatuarentzat ez da sorpresa izan, hamarkadetan zehar EAJ eta PSE higiezin politikak egiten ibili direlako: gehiago eraiki, fiskalki etxejabeak saritu eta banketxeek hipotekekin dirua irabaz dezaten diru laguntzak ezarri. Horrela heldu gara egungo larrrialdi egoerara.
LABek argi du etxebizitzaren arazoaren oinarrian ez dagoela funts putreen eta etxejabeen arteko asmatutako dikotomia, ezta etxejabe txikien ustezko segurtasuna ere. Errentismoaren aldeko politikak egitea da arazoa. Funts putreek eta etxejabe handiek geroz eta etxe gehiago dituzte, baita Euskal Herrian ere, azken hamarkadan haien eragina laukoiztu dutelako. Modu berean, bada uste duenik zilegia dela alokairuan duen etxebizitzarekin negozioa egitea. Horrela, aberastasuna modu gero eta bidegabeagoan banatzen ari da eta arrakala soziala handitzen: gazte, emakume*, pertsona arrazializatu eta migratu, familia monomarental eta sektore prekarioetan ari direnen kopurua handitzen ari da, eta egoera okertzen.
Horregatik, LABek aldiro defendatu du etxebizitza merkatuan esku hartu behar dela, eta eredua errotik aldatu. Negozioa bada, ez da eskubidea. Etxebizitza langileak prekarizatzeko arrazoi nagusi bilakatu denez, sindikatua maizterrak antolatzeko erabakia garatzen ari da eta dagoeneko hainbat gatazka sindikal ireki ditu: Hego Euskal Herriko etxejabe handienaren aurka (Adania) eta munduko handienaren filialaren aurka (Blackstone-Testa), adibidez.
Era berean, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakonean birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa, bestetik.
LABek dei egiten du kalean presioa areagotzeko, eta langileon bizitza duinen alde eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prest dagoela adierazten du. Madrilen, borrokari esker, lege bihurtu zitezkeen aldi baterako prorrogak, funts putreen erosketa espekulatiboei urte batzuetarako debekuak ezarri edo etxegabetzeak mugatu. Horiek Euskal Herrian posible egin eta alokairu mugagabeak eta prezioen jaitsierak ere lege bihurtzeko borrokari ekiteko deia egiten du sindikatuak, baita funts putreak joan daitezen, etxegabetzeak amaitu daitezen eta parke publiko zabal sendo eta iraunkorra lor dezagun ere.
LABek lanean jarraituko du langile guztiek haien bizi proiektua garatzeko aukera duina ahalbidetuko duen etxebizitza eskubidearen alde, maizterrak antolatuz, eta lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatuz. Norabide horretan, Espainiako Estatuko maizterren sindikatuekin koordinatuta, bihar larunbaterako eta etzi iganderako Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon, borrokan diren maizterrekin batera, antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die Euskal Herriko langileei.


