Informazioa lortzeko ukazio etengabeen aurrean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jotzea erabaki zuen sindikatuak, eta organo horrek aitortu du informazio hori jasotzeko eskubidea dugula.
Azken legegintzaldi honetara arte, LABeko atal sindikalak informazioa behar zuenean udaleko teknikari eta langileengana jotzen zuen zuzenean. 2024an, ordea, udalak prozedura aldatu eta langileria arloko informazioa teknikariei zuzenean eskatu beharrean eskaerak idatziz egin behar zirela agindu zuen.
Hasiera batetan ez zen arazorik egon, baina 2025eko uztailetik 2026ko urtarrilera bitartean sei idatzi aurkeztu genituen informazioa eskatuz. Besteak beste, kontratazioei, lan-poltsen kudeaketari eta hainbat langileriako espedienteri buruzko informazioa eskatu genuen, bai udalekoak, bai erakunde autonomoetakoak.
Hilabeteak igaro ziren, baina ez genuen idatzi bakar baten erantzunik jaso. Egoera horren aurrean, LABek Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jotzea erabaki zuen, hau da, Eusko Jaurlaritzaren organo independente batera, Gardentasuna kontrolatzeko organora, udalari eskatutako informazioa lortzen saiatzeko.
Erreklamazioak aurkeztu eta batzordeak espedienteak ireki ondoren hasi zen udala gure eskaerei erantzuten: batzuetan informazioaren zati bat ematen ziguten; beste batzuetan, berriz, informazio hori jasotzeko eskubiderik ez genuela adierazten zuen.
Gardentasuna eta informazio publikoa jasotzeko eskubidea oinarrizko printzipioak dira. Edozein herritarrek dauka informazioa jasotzeko eskubidea, betiere legeak ezartzen dituen mugen barruan. Baina gure kasuan badago beste elementu gehigarri bat: udal langileen ordezkariak gara, eta gaur egun LAB da udalean ordezkaritza handiena duen sindikatua eta gure ordezkaritza lana egiteko informazioa behar dugu eta ezinezkoa da gure lana ondo burutzea kontratazioei, lan-poltsei edo langileei eragiten dieten espedienteei buruzko informazioa ukatzen bazaigu.
Horregatik, gure eskubideak urratu zirela iritzita, berriro jo genuen batzordera. Eta orain jaso dugun ebazpena argia da: LABek eskatutako informazio guztia jasotzeko eskubidea dauka, eta batzordeak 10 eguneko epea eman zion udalari informazio hori emateko.
Azken urteotan udal agintariek sindikatuekiko duen jarrera nabarmen okertu da. Informazioa eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugu, eta negoziazio-mahaiak desagertu egin dira. Horrek guztiak gure ordezkaritza-lana oztopatzen du, udalean dagoen giroa gaiztotu eta langileen arazoei irtenbideak bilatzeko aukerak ezeztatzen ditu.
Gertatutakoa argia da: informazioa eskatu dugu, ez dugu jaso, kanpoko organo batera jo behar izan dugu, eta organo horrek aitortu du informazio hori jasotzeko eskubidea dugula.
Horregatik, jarrera aldaketa bat eskatzen diogu udalari eta, bereziki, Nerea Revuelta langileria arloko arduradunari.
Bi eskaera nagusi egiten ditugu:
-Batetik, ordezkari sindikalek eskatutako eta jasotzeko eskubidea dugun informazioa garaiz eta behar bezala ematea. Sindikatuon lana ez oztopatzea eta informazioa eskuratzeko eskubidea normaltasunez bermatzea.
-Eta, bestetik, negoziazio-mahaia berriro aktibatzea.
Egoera honi buelta eman nahi diogu. Udalari eskatzen diogu ebazpen hau inflexio-puntu gisa hartzeko: informazioa normaltasunez emateko, negoziazio-mahaiak berriro martxan jartzeko eta mahai gainean dauden arazo guztiei heldu eta sindikatuekin batera konponbideetara heltzen saiatzea.

