2026-10-01
HomeEkintza SindikalaOsakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

LABek balioan jarri nahi du joan den asteazkeneko Osakidetzako ospitaleetan, lehen arretako zentroetan eta bestelako lan zentroetan egin ziren kontzentrazioen arrakasta. Kategoria desberdinetako ehunka langile batu ziren, garbitzaileetatik falkultatiboetaraino, euren lan-baldintzen defentsan eta euskal osasun sistema publikoa indartzeko eskatzeko. Agerian geratu dira plantillaren nekea eta haserrea.

Greba eta mobilizazio dinamikaren hasierarekin batera, 18 urteren buruan Osakidetzako lan-baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroa eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren egituraren proposamena heldu dira.

LABek, lehen balorazio azkarra eginda, argi du proposamen hau greba eta mobilizazio dinamikaren iragarpenak bultzatu duela, gobernu hau soilik horrela mugitzen delako. Edukiari kasu eginez, LABek azterketa sakona egingo du ekarpen kualitatiboak egiteko, helburua izanda ereduaren aldaketa, pribatizazioaren lehengoratzea, unitate eta kategorien araberako ratioen hobetzea, langileen eta erabiltzaileen euskara eskubideak bermatzea, lana eta bizitza pertsonala uztartzea, guardiak eta formakuntza orduak urteko lanorduen barruan egotea, erosahalmena berreskuratzea eta abar.

Zoritxarrez, bidalitako proposamenean, LABek ez ditu gai hauek behar bezala garatuta ikusi: ez dago urteko lanaldiaren jaitsierarik eta ordainsarien inguruko proposamenik ez da garatu, osagarrien deskribapena egitera mugatzen baita. Euskarari dagokionez, asmoen adierazpen bat baino ez da jasotzen, eta berdin berdintasun planari dagokionean edo telelana arautzeko artikuluetan.

Bestalde, giza baliabideak antolatzeko plana garatu gabe bidali dutela adierazi du LABek, eta plan horretan izendatzen dituzten hainbat gai akordioaren negoziazioaren esparruan txertatzea eskatuko du; besteak beste, unitate eta kategorien araberako ratioen inguruko negoziazioa, behin-behinekotasunaren tasa, kontratazio-poltsak kudeatzeko irizpidea eta plantillaren gazteberritze plana, eta arrisku psikosozialak.

Era berean, lan osasunari lotutako absentismoari lotutako aipamenak oso larriak iruditzen zaizkio sindikatuari.

Beraz, gatazka konpontzeko lan asko dagoela azpimarratu du LABek, eta langileekin edukia konpartitu eta lanean jarraituko du, kalean zein negoziazio mahaietan. Sindikatuak argi du eredua eta egoera bideratzeko mobilizazio zein grebak giltzarria izango direla argi du.

Bestetik , LABek balioan jarri nahi du intersinkaleko greba eta mobilizazio dinamika hau martxan jartzeko SATSE, ELA, CCOO eta UGTk elkar ulertzeko izan duten gaitasuna, eta sinetsita dago guztiak batuta presio gehiago eta akordio hobea lortuko dutela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.