Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontua % 10 handituko duela iragarri du, eta horrek agerian uzten du premia ekonomiko larria dagoela Osasunbideak eta, oro har, osasun sistema publikoak dituzten arazoak konpontzeko. Gero eta handiagoa den eskariari erantzutea, itxaron-zerrendak arintzea eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egitea, horiexek dira aurrekontuaren igoera hori justifikatuko luketen erronkak. Eta “justifikatuko luketen” diogu; izan ere, gure sindikatuan askotan kritikatu dugu aurrekontua erabili dela sistemari adabakiak jartzeko, behar diren neurriak ezartzera bideratu beharrean.
2021ean 1.272 milioi euroko aurrekontua izatetik 2025ean 1.554 milioi eurokoa izatera igaro gara. Iragarri dutenaren arabera, 150 milioi gehiago izanen dira 2027rako. Ikusiko dugu ea aurrekontuaren gehikuntza hori Osasunbidearen benetako beharretarako erabiltzen den edo beste interes batzuetara bideratzen den.
Produktibitateen gastua bikoiztu egin da 2021etik aurrera (33 milioi euro baino gehiago), Osasunbideko itxaron-zerrendak makillatzeko eta sistemaren gabeziei adabakiak jartzeko. Osasun laguntzarako itunen kostua 67 milioi euro izan zen 2021ean, eta 78 milioi euro baino gehiago 2025ean. Bi gastu horiek eragin zuzena eta oso handia dute Osasun Departamentuaren guztirako aurrekontuan.
LABek behin baino gehiagotan kritikatu du Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera erabiltzen dela Osasunbideko presako beharrei adabakiak jartzeko, pazienteak zentro pribatuetara bideratzen jarraitzeko edo langile gehienen interesekin aurrez aurre talka egiten duten interesak elikatzeko. Zerbitzu publikoak babestu eta indartuko badira, aurrekontua handitzeaz gain, zalantzarik gabeko neurriak hartu behar dira, zainketen kalitatea eta jarraitutasuna ziurtatzeko eta guztien lan-baldintzak hobetzeko.
Bestalde, foru gobernuak adierazi du ezen, aurrekontuaren igoera horrekin, beteko direla Osasun Departamentuak berak adierazi dituen beharrak. Hori horrela, exijitzen dugu Osasun Departamentuak eta Osasunbideko Kudeatzailetzak bete ditzatela sindikatuekin sinatuta dituzten konpromisoak, hala nola, C eta D mailetako lanbide karreraren zorra ordaintzea, oraindik ordaindu gabe baitago aurrekonturik ez dagoelakoan. Eta ez dezatela aurrekontua haien nahierara erabili beste kontzeptu mota batzuk ordaintzeko, aurrekoetan egin duten bezala.
Ezinbestekoa da osasun arretaren kalitatea bermatuko duten neurri eraginkorrak ezartzea eta osasun sistema publikoa blindatzea, betiere Nafarroak osasun arlorako inoiz izan duen aurrekonturik altuena egoki erabiliz.

