Errondaren ekimenari sinesgarritasuna kendu, eta behingoz bizitzaren prekarizazioan sakontzen duten politikak alboratzeko eskatu diogu, politika neoliberalei eustea faxismoarentzat bazka baita.
2024an, Imanol Pradales lehendakariarekin izandako lehen bileran, langileen aldeko politikak egiteko eskatu genizkion LABetik. Lau eskaera zehatz egin genizkion: soldatak eta lan baldintzak hobetu eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren alde egitea; zerbitzu publikoak indartzea; trantsizio ekosozialerako industriaren birmoldaketa eta enplegu industrialaren defentsa; eta autogobernuan sakontzea.
Bi urte hauetan Jaurlaritzak bultzatu dituen politiken inguruan LABen ezin du balantze positiborik egin. Langileen aldeko erabakirik hartu ez, eta patronalaren eskakizunen aurrean men egiten jarraitzen du. Horixe da, gaur, lehendakariari helarazi diogun ideia nagusia. Ondoren, azaldu gure kritika eremuz eremu zertan sostengatzen den azaldu dugu.
Birbanaketa politikei uko egin eta aberastasunaren metaketa desorekatua bultzatzen duten politika publikoak egiten ari dira, patronala saritzen eta langileei bizkarra ematen. Faxismoaren gorakada betean, olatu erreakzionarioari bidea egiten uztea eta faxismoari bazka ematea da langileen bizi baldintzen prekarizazioan sakontzen duten politikei eustea, langileen arteko arrakala matxista, arrazista edo belaunaldi arrakalei erantzun egokirik ez ematea.
Aurreko gobernuaren politika neoliberalen bidean sakontzen du Imanol Pradalesen gobernuak eta hori ezin da estali elkarrizketarako deiak eginez, ezta adostasunak eraikitzeko helbururik ez duten markoen sorrerarekin ere.
Osakidetza eraberritzeko eta indartzeko beharraren aurrean, Osasun Mahaia faltsuan itxi zen. Sindikatu bakar bat ere ez zen batu bertan ateratako ondorioetara. Sistema publikoaren higaduraren jatorria inbertsio falta, pribatizazio eta kontzertazio politikak dira. Horrek langileen lan baldintzetan eragin zuzena du. Konponbidea osasungintzaren pribatizazioa dakarten erabakiak alboratzetik hasten da, baina ez dute horretarako borondate politikorik.
Hezkuntzan, segregazioaren gaiari erantzun egokirik eman gabe itxi zen horretarako ireki zen mahaia. Hezkuntza publikoari dagokionez, iazko ikasturtean soldatak hobetu eta egungo erronkei hobeto erantzuteko, baliabide gehigarriak jasotzen zituen akordioak itxi zituen LABek lan kolektibo desberdinetan. Akordio horiek greba eta mobilizazio dinamika indartsu baten ondorio izan ziren, eta Hezkuntza Sailak akordioak bere osotasunean bete gabe jarraitzen du. Bereziki larria da hori, hezkuntza sistemak dituen beharrak, PISA txostenak berriro ere azalerazi dituenak, kontuan hartuta.
Euskararen kontrako oldarraldi betean, ausardia politikoa handiagoa eta PSErekin gai horretan dituen hipoteketatik askatzeko eskatu diogu Pradalesi. Administrazio publikoa euskalduntzeko, ezinbestekoa da euskarak eta gaztelaniak estatus juridiko bera izatea eta hori gaur-gaurkoz ez dago erabat ziurtatua. Oldarraldia hezkuntzara ere zabaltzen ari da, uda honetan unibertsitatera sartzeko probekin ikusi bezala. Horregatik, LABen kezkaz hartu ditugu PISA azterketaren emaitza kaxkarrak euskararekin lotzeko zenbait alderdi politikotako ordezkariek egindako adierazpenak, eta, batez ere, Jaurlaritzak berak ere emaitza txarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Hizkuntza eskubideei dagokionez, atzerapausoei galga jartzeaz gain, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan eta erabileraren zabalpenean aurrera egiteko neurriak eskatu ditugu; esaterako, negoziazio kolektiboa euskaraz gauzatzea bermatzeko neurriak.
Aurreko bileran langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatzeko eskatu genion LABetik, eta ezer gutxi aurreratu da horretan. Mahai Orokorreko negoziazio mahaian ez dago negoziaziorik; Osakidetzan, mahaitik kanpo eta SMErekin, gutxiengo sindikalarekin, akordioa egin du Jaurlaritzak; hezkuntzan ez dituzte akordioak betetzen. Adostasunak eraikitzearen garrantziaz hitz egiten duen gobernu batek sinesgarritasuna galtzen du enplegatzaile den kasuetan kontrako jarduteko modua duenean.
Zaintzan, merkantilizazio eta pribatizazioaren aldeko apustuari eusten zaio. Zaintza duina jasotzea eskubidea da, baina egun ez da ziurtatzen. Zaintza lanak emakumeen, nagusiki migratzaileen, esplotazioan eta prekaritatean oinarritzen dira. Zaintzarekin negozioa egiten jarraitzen dute enpresa pribatuek, eta gobernu honek ez du inolako asmorik zaintza eraldatzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzen hasteko urratsik emateko.
Industriaren egoera kezkagarria da. Enplegu industrialaren defentsan borrokaldi gogorrak egin ditugu. Ez dago industriak dituen erronkei erantzuteko industria politikarik. Globalizazioaren eraginei eta krisi klimatikoari aurre egingo dien industriaren birmoldaketaz ez dago gogoetarik. Egiten den politika bakarra enpresen esku diru publiko gehiago jartzea da; horixe da patronalak eskatzen duena. Enpresetan dirua txertatzeak berez ez du ezer bermatzen. Diru publikoa jasotzeko baldintza batzuk bete beharko lirateke (enpresen errotzea, kalitatezko enplegua eta kaleratzerik ez egitea, kontratazioetan diskriminaziorik eza….) eta diru horren erabilpenaren gaineko kontrol publiko eta sozialerako bideak zehaztu beharko lirateke.
Eskumenak, Confebasken interesak zaintzeko
Autogobernu maila zabaltzeari dagokionez ere ez da indarrik egin funtzio publikoko langileen soldatak bertan negoziatu ahal izateko. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurria den gutxieneko soldata propioari dagokionez, gogora ekarri behar da eskuduntzak eskuratzea aldarrikatzen zuen Herri Ekimen Legegilearen eztabaida oztopatu zutela gobernukideak diren EAJk eta PSEk modu guztiz antidemokratikoan. Zentzu berean, LABetik salatzen dugu orain hilabete batzuk Mikel Torres lehendakariordeari gehiengo sindikalak bilera eskaera egin geniola eta ez dugula erantzunik jaso. Ez dugu modu horretako gutxiespenik onartuko eta bi aste barrurako lehendakariari gai horren inguruan espresuki aritzeko bilera berri bat eskatuko diogu.
Ditugun eskuduntzak eta kontzertu ekonomikoa Confebasken interesak zaintzeko erabiltzen direla salatzen dugu. CEOEk berak eredutzat hartu eta txalotu dituen neurriak dira. Bi alderdi horiek adosturiko neurri fiskalekin, zerga politikan norabide okerrean sakontzen jarraitzen da, pribilegio fiskalak mantendu eta areagotzen dira, herritarren kaltetan, zerbitzu publikoen kaltetan.
Gobernuak egiten dituen politikekin kritikoak izateko arrazoiak soberan ditugu. Patronalarekin erabateko sintonia dute; aldiz, sindikatuei, langileei, etengabe borrokari uko egiteko eskatzen zaie. Zorionez, gurean, sindikalismo borrokalariak badu indarra, eta baita ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala ere. Horregatik, LABen larria iruditzen zaigu elkarrizketa soziala instituzionalizatu eta sindikalismo otzana saritzeko Legebiltzarrera eraman nahi den lege proposamena. Asmo hori bertan behera uzteko eskatu diogu Pradalesi.
Bilera berri honek LABentzat lehentasunezkoak diren gaien inguruan aritzeko aukera eman du, eta, berriro ere, langileen hitza errespetatu dezala eta langileen aldeko neurriak har ditzala eskatu diogu sindikatutik lehendakariari.

