2026-01-30
HomeEkintza SozialaJaurlaritzaren aurrekontu proiektuak ez du kalean dauden aldarri bakar bat bera ere...

Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak ez du kalean dauden aldarri bakar bat bera ere jasotzen


Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta sindikatuko Exekutiboko kide Edurne Larrañagak agerraldia egin dute, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari buruzko balorazioa egiteko eta LABek horren harira atalez atal egindako azterketa aurkezteko. 2020. urterako proposatutako zenbakiek haserrea eragiten dutela nabarmendu dute, jendartearen beharrei bizkar ematen dietelako. "Aurrekontu proiektu honekin arrazoi gehiago ditugu urtarrilaren 30ean Greba Orokorrera jotzeko", adierazi du Garbiñe Aranburuk.


"Prekarizazio prozesuak amaierarik ez duen testuinguru batean, non gero eta pobrezia gehiago dagoen eta desberdintasun sozialak gero eta nabarmenagoak diren, fase ekonomiko berri baten atarian gauden honetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak sumindura eragiten du. Aurrekontu hauek ez daude pentsatuta aberastasunaren bidezko banaketa bat egiteko, eta horrek sortzen du haserrea, herritarren beharrei bizkar ematea erabaki politiko bat delako".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Bilbon egindako agerraldian esandakoak. EAJk bere posizioa ez duela aldatu berretsi du: "Betiko tokian dago, elite ekonomikoen ondoan, bere oasis propioan". Garbiñe Aranburuk ere Podemos alderdiaren posizio aldaketa salatu du, kontu neoliberal eta antisozialak bozkatzeko prest dagoelako.

Aurrekontu proiektuak ez duela kalean dauden aldarrikapen bakar bat bera ere jasotzen azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak:

Ez dago pobreziarekin amaitzeko asmorik. Gastu sozialera zuzendutako kopuruak behera egiten jarraitzen du, BPGarekiko. Aurrekontu proiektuan islatzen dira jada DSBEn eta etxebizitza arloko prestazio osagarrietan egin nahi dituzten murrizketak.

Ez dira aurrekontu feministak. Bi greba feministen ondoren, Jaurlaritzak mugimendu feministaren aldarriak alboratzen jarraitzen du. "Ez dugu onartuko instituzioek diskurtso feminista bere egin dezaten, ez badituzte bide horretan lagunduko duten politika publikoak garatzen", adierazi du Garbiñe Aranburuk. 

Ez da kalitatezko enplegu baten alde apustu egiten. Langile publikoek azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratu ezinik jarraitzen dute. Ez dago konpromiso argirik enplegu publikoa duintzeko eta egonkortasuna bermatzeko. Ez da bermatzen modu zuzenean kontratatutako pertsonek edo azpikontratatutakoek 1.200 euroko gutxieneko soldata jaso dezaten.

Ez dago pentsioen sistema publikoa indartzeko konpromisorik. "1.080 euroko gutxieneko pentsioa osatu dezakete, baina ez dute nahi", kritikatu du idazkari nagusiak.

Sektore publikoa indartzeko apusturik ez dago. Gastu publikorako gero eta diru partida gutxiago dago; Hezkuntzarako eta Osasungintzarako, kasu.

Krisi ekologikoari ez zaio aurre egiten. Egoera hau ekarri duen garapen ereduari jarraipena ematen zaio. AHTaren proiektuak diru zati handi bat eramaten du.

Hau guztiagatik, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du are eta arrazoi gehiago daudela oraindik urtarrilaren 30ean Greba Orokorrera jotzeko: "Egun horretan, Euskal Herriko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu, lan, pentsio eta bizi duinaren alde".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan arreta zuzeneko ordu jaitsieraren epaia irabazi du!

Gizarte ekimeneko patronalei dei egiten zaie epaia lehen bai lehen betetzeko LAB Sindikatuak adierazten du EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman diola: etapa guztietan arreta zuzeneko...

LABek adierazten du eskola publikoen fusioek ezin dutela D ereduko ikaspostu publikoen murrizketarik ahalbidetu eta euskalduntzen duten eta inklusiboak diren puntako eskola publikoak eraikitzeko...

Halaber, Hezkuntza Sailak aurreko ikasturtetik gai honekin izan duen gardentasunik eza salatzen du Aste honetan prentsan bolo-bolo dabilen gaia izan arren, LAB sindikatuarentzat ez da...

Lan ikuskaritzen aurrean lan baldintza duinak aldarrikatu, eta martxoaren 17ko greba orokorrerako deia egin dute etxeko langileek

Etxeko langileen lan baldintzak babesteko benetako bermeak emango dituen kontrol eta jarraipen mekanismoak eskatu ditu LABek. Era berean, sektoreko langileen prekaritatea LGS propiorik ezarekin...