2026-07-17
HomeEkintza SindikalaSidenorrek lehentasuna ematen dio produkzioari langileen osasunaren gainetik

Sidenorrek lehentasuna ematen dio produkzioari langileen osasunaren gainetik

Langileak etxera fisikoki eta mentalki suntsituta itzuli izan dira lanaldien ondoren, jasan behar izan dituzten tenperatura altuen ondorioz.

Maiatzean, ekainean eta uztailean, Sidenorreko langileek muturreko tenperaturak jasan behar izan dituzte lantokian. Tenperatura horiek aise gainditu dituzte lantokietan errespetatu beharreko tenperatura-urkilak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen arabera. Horrela, tenperaturak 14 eta 25ºC artean egon behar duela jasotzen bada, altzairutegian behin baino gehiagotan gainditu dira 50ºC.

Bero horren ondorioz, hainbat pertsona joan behar izan dira botikinera. Egoera horren aurrean, gehiengo sindikal bat – ELA, LAB, La Senda de Ugarte eta ESK – saiatu gara langileen osasuna babesteko neurriak adosten enpresako Segurtasun eta Osasun batzordean, baina bilera horiek ezer gutxi konpondu dute. Adibide bat jartzearren, ekaineko bero handieneko egunetako batean, altzairu-fabrikan erregistratutako tenperaturen aurrean, batzordeak eskatu zion enpresari produkzioa pertsonen osasunaren aurkako arrisku larri eta berehalakoagatik egokitzea baloratzeko, eta ez zitzaion jaramonik egin. Bada, enpresaren erantzuna izan zen sute-simulazio bat egitea hurrengo egunean, 13:30ean, Euskalmetek bero handiagatik aktibatutako abisuekin eta alarmekin jarraitzen genuenean. Hau da, lanaldi osoan muturreko beroarekin lan egiten zuten langileak kalera atera behar izan ziren 44ºC-ko beroarekin, eguzkitik babestu ezinik, NBE guztiekin eta tenperaturaren berri emateko eskumuturrekoak aldi berean txistuka zituztela. Jarrera horrek, gainera, enpresaren larrialdi-planean bertan jasotakoa urratzen du; izan ere, plan horrek adierazten du ez dela simulaziorik egin behar ordu zentraletan, bero-egunetan.

Horrela, eta beti ere pertsonen ongizatea babesteko asmoz, uda honetan etengabeak izaten ari diren muturreko bero-boladei aurre egiteko hainbat aukera eta alternatiba proposatu zaizkio enpresari.

Hasiera batean, enpresak entzungor egin zuen. Baina batzordeak zuzendaritzari Lan Ikuskaritzara joatearen berri eman ondoren, jarrera aldatu zuela zirudien. Zoritxarrez, berriz ere beste bero-bolada batean gaudenean, hartutako neurriak testimonialak eta noizbehinkakoak izan dira, eta, batez ere, zerbait egiten dutelako itxurakerian zentratu dira. Neurri eraginkorrik gabe. Benetako neurririk gabe.

Horregatik, Sidenorreko plantilla ordezkatzen dugunok argi eta garbi esaten dugu: Sidenorrek lehentasuna ematen dio produkzioari langileen segurtasuna eta osasuna zaintzeari baino. Ez bakarrik Basauriko lantegian, baita beste guztietan ere. Horren adibide da joan den astean Gasteizko lankideek elkarretaratzea egin zutela, bero-kolpeak izan zirela eta, beroaren ondorioak arintzeko prebentzio-neurririk ez zegoela salatzeko.

SIDENORi eskatzen diogu pertsonen osasuna eta bizitza lehenesteko eta beharrezko neurriak hartzeko. Langileen segurtasuna eta osasuna ezin dira inprobisazioaren mende egon. Protokoloak eraginkortasunez aplikatu behar dira, arriskuari aurrea hartuz eta lan baldintza seguruak bermatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Mikel Torres lehendakariordeari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko konpromisoak eskatzeko

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren ondoren ELA eta LAB Kongresuan gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimena sustatzen ari gara. Greba Orokorraren aurretik Mikel Torresek uko egin zion grebaren deitzaileekin biltzeari;LABek eta ELAk, biltzeaz gain, konpromiso zehatzak eskatuko dizkiogu patronala presionatu dezan

Matia Fundazioko langileek zuzendaritzaren neurri murriztaileak salatzen dituzte

Matia Fundazioko zuzendaritzak hartutako neurri murriztaileak salatu ditu Matia Fundazioko zentroarteko batzordeak: lan postuen amortizazioa, kontratu bukaerak, lan postuak ez ordezkatzea, lan karga handitzea,...

Greba Feminista Orokorrean parte hartzeagatik epaitu dituzten kideei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dugu

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deituta, Donostiako epaitegiaren aurrean batu gara atxilotuak izan ziren grebalariei elkartasuna adierazteko, jazarpena salatzeko eta zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan segiko dugula argi uzteko.