Enpresetan aurreakordioa bozkatzeko batzarrak egin ostean eta enpresa guztiek honen alde bozkatu ondoren, langileen lan baldintzak eta etorkizuna bermatuko dituen hitzarmena sinatu dugu.
Hitzarmenaren edukiak honakoak dira:
- 4 urteko indarraldia (2026-2029)
- Lehen bi urteetan KPIa bermatuta, hirugarren urtean KPI+%0,50 eta laugarrenean KPI+%1
- Lanaldi murrizketa: 2 ordu.
- Manufakturako errelebo kontratuen kasuan, aurrejubilazioaren portzentaia gutxienez %67koa izango dela bermatzen da.
- Errelebo kontratua, arrunta zein manufakturakoa, egiteko derrigortasuna, langileak hala eskatuz gero.
- Beroaren protokoloa.
- Deskarbonizazioa.
- Koefiziente murriztaileak zehaztea eta adostea.
- Geroa ekarpenak %0,2 handitu, hau da, %2,4ko ekarpena.
- Euskara
- Ahaideren bat ospitaleko BOXean ingresatzen dutenerako baimena.
- Gauez lan egiten denean, lanera ez joateko baimena hurrengo goizean senitarteko bati lagundu behar izan ezkero aurreikusitako interbentzio batera.
Hitzarmen honen balioa azpimarratzekoa da bizi dugun testuinguru nahasi honetan, bizitzaren garestitzeari aurre egin ahal izateko soldatak KPIren gainetik igotzen baitira. Gipuzkoako hitzarmen gehienetan ez da lortu (metalgintzan adibidez), eta papergintzan LABek urteetan egindako borroka eta lanari esker posible izan da.
Bestalde, etorkizunean aurre agin beharreko erronkei ere irtenbidea eman diogu hitzarmen honekin, lanpostuak bermatu ditugu errelebo kontratuari esker, enpresek derrigor onartu behar baitituzte langileak hala eskatuz gero. Gainera, etorkizuneko erretiroa aurreratzeko lanketa martxan jarriko da koefiziente murriztaileen eskaera bidez. Enpleguari dagokionez, azpimarratu beharra dago deskarbonizazioari buruzko akordioak etorkizunean eman ahal diren aldaketa eta honen eraginei aurre hartzea bermatuko digula.
Gaur egun ditugun zaintza beharrei erantzuteko hobekuntzak ere jasotzen ditu, senitartekoei larrialdietara eta medikuarengana laguntzeko baimenen bidez.
Amaitzeko, oso garrantzitsua iruditzen zaigu enpresa guztiek beroaren aurkako protokoloak egiteko betebeharra jasotzea.
Bestalde, harrigarria da sektorean gehiengoa duen sindikatuak, aitzakia merkeetan oinarrituz, langileen babesa jaso duen hitzarmen hau ez sinatzea.
Hala ere, LABen argi daukagu bidea ez dela hemen bukatzen, hitzarmen hau enpresetara eraman eta lanean jarraitu beharko dugula. LABen bide hau langileekin batera egingo dugu!

