2026-10-19
HomeEkintza SindikalaBeste epai bat, euskara administrazioan eta lan munduan sustatzearen aurka

Beste epai bat, euskara administrazioan eta lan munduan sustatzearen aurka

Administrazioak kontratatutako enpresei euskararen gutxieneko erabilera egiteko betebeharra kendu die Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, euskara menpeko egoeran betikotzeko asmoz. Euskarari ziurtasun juridikoa emateko beharra agerian uzten du epaiak.

Espainiako Auztegi Gorenak berretsi egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren iazko epaia, EAEko administrazioan hizkuntza ofizialak erabiltzeko Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren hainbat artikuluren aurkakoa.

Baliogabetutako artikuluek, batetik, administrazio publikoak kontratatu ahal izateko hainbat hizkuntza klausula ezartzen zizkieten enpresa pribatuei; bestetik, administrazioan bertan euskaraz lan egitea sustatzen zuten, hainbat neurriren bidez.

Artikulu horiek urtetako bazterkeriaren ondorioz eremu publikoan eta, bereziki, eremu pribatuan bigarren mailan dagoen euskararen erabilera sustatu nahi zuten, gazteleraren maila berean kokatzeko. Hori da, hain zuzen, epai honek eta azken urteetan ezagutzen ari garen epaien segida luzeak bilatzen dutena: euskararen sustapen positiboa etetea, euskarak bigarren mailan, menpeko egoeran, jarrai dezan; hau da, euskara ez dadila bilakatu administrazioan eta lan munduan ohiko hizkuntza.

Jendarte berdinzaleago eta hobe bat lortzea helburu beste hainbat eremurekin egiten den bezala (ingurugiroaren zaintzarako edo genero berdintasuna lortzeko klausulak ezarrita, adibidez), euskararen erabilera eremu sozioekonomikoan sustatzeko ezarritako hizkuntza klausulak dira epaitegiak atzera botatakoak. Hau da, euskararen sustapena bide horretatik egin ahal izatea ukatzen zaie administrazioei. Are larriagoa dena, klausula horien bidez une honetan sustatu nahi dena enpresek euskararen gutxieneko erabilera ere ez egitea da. Ez dira iristen gaztelerak duen eskakizun maila bera ezartzera, baina, azpitik egonda ere, are gehiago azpiratu nahi dute euskara. Epaile eta eragile euskarafoboek argi uzten dute, etengabe, ez dutela nahi euskara normalizatua izango duen eta espainieraren maila berean onartua izango den jendarte bat.

Hori horrela, LABek gogor salatzen du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai hau. Beste behin, agerian geratu da epaileak dagozkien eskumenetatik harago doazela, eta, euskal herritarron gehiengoaren eta eragile soziopolitikoen gehiengoaren borondatearen aurka, euskararen aurkako hizkuntza politika egiten dutela, modu kontziente eta militantean. Zentzu horretan, auzi honen eta euskararen aurkako beste epai ugari eragin dituzten hainbat auziren sustatzaile izan den CCOO sindikatua salatu beharra dago. Ustez langileen eskubideen defentsaren aitzakian ezkutatuta, euskararen aurkako ekinbide sistematikoa garatzen ari da.

LABek aurrez adierazi izan duen moduan, egoera horri ez zaio buelta emango, ezta euskarari ziurtasun juridikoa emango ere, administrazioaren euskalduntze prozesuari segurtasun juridiko erreala eman artean, eta hori euskararen eta gazteleraren eskakizunen onarpen legalak berdintzetik etorriko da. Horretarako premia berresten du azken epai honek.

Euskararen normalizazioaren aurkako epai larri honen aurrean, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.