2024-05-03
HomeEkintza SindikalaKontratazioetan diskriminaziorik ez egoteko proposamena helarazi diegu Confebask eta Eusko Jaurlaritzari

Kontratazioetan diskriminaziorik ez egoteko proposamena helarazi diegu Confebask eta Eusko Jaurlaritzari


Kontratazioetan ematen den diskriminazioari aurre egiteko proposamen bat erregistratu dugu Eusko Jaurlaritzan eta Confebask-en. LABeko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak adierazi du diskriminazioa askotariko arrazoiengatik ematen dela; jatorria, sexua, ideologia, afiliazio sindikala, adina, irudia-itsura… Hala, urteen poderioz enpresa batzuetan arazo potolo bilakatu denez, aurre egiteko momentua iritsi dela nabarmendu du. 


Proposamenak honako eskaerak jasotzen ditu:

1.- Enpresa eta Langileen Ordezkaritzaren artean adostea enpresa horretan egiten den kontratazioa ez diskriminatzailea izango dela, eta horretarako berme guztiak duen prozesu baten alde egitea erabakitzen dela.

2.- Enpresan ordezkaritza duten sindikatu guztiak (ordezkaritza duten sindikatu bakoitzeko pertsona bat) eta enpresako zuzendaritzak Enplegu Komisioa osatuko dute, kontratazio prozesuaren berme guztiekin egiten dela bermatzeko. Komisio honen funtzioak hauek dira:
– Lanak duen beharrak adosteko asmoarekin, enpresak ematen duen informazioaren ebaluazio. – Kontratazio prozesuaren jarraipena eta inspekzioa
– Kontratuen jarraipena egitea, hau da zenbat eta zer kontratu mota egin behar den.

3.- Kontratazio prozesu guztia anonimoa izango da, eman daitekeen edozein diskriminazioari aurre egiteko.

4.- Enplegu komisioak, lanpostuen zerrendatze bat egingo du, argi zehaztuz zeintzuk diren lanpostu bakoitzeko funtzioak eta zer nolako baldintzak eta gaitasuna bete behar duten lanpostu bakoitzerako aurkezten diren hautagaiak (kapazitatea, ezagutza, formakuntza, …).

5.- Enplegu komisioak publiko egingo du lanpostu eskaintza enpresa dagoen inguru geografikoan, eta lanketa berezia egingo du inguru horretan dauden gazte, emakume, immigrante, aniztasun funtzionala eta LGTBI+ eragileekin. Tokian tokiko egoera eta baliabideen arabera, enplegu komisioa izango da eskaintzen publizitatea eta sozializazioa nola egingo den adostuko dutenak (hedabideak, elkarteak…).

6.- Enplegu komisioak lan eskaerak jasotzeko prozedimendua ezarriko du, hurrengo ezaugarriei jarraituz:
a) Eskaerak datu pertsonal eta argazki gabekoak izango dira, gaitasuna eta baldintzak betetzen dituen datuak eta kontakturako telefonoa bakarrik txertatuz. Aukera desberdinak irekiko dira eskaerak jasotzeko: webgunea, postaz edo buzoian.
b) Eskaera bakoitzari zenbaki bat ezarriko zaio.

7.- Enplegu komisioak eskaeren azterketa bat egingo du, erabakiz zeintzuk betetzen dituzten ezarritako baldintza eta gaitasuna lanpostu bakoitzarentzat, eta zeintzuk ez. Betetzen dituztenekin poltsa bat osatuko da.

8.- Poltsa osatzen duten pertsonen artean zozketa egingo da, lanpostuak beteko dituzten lan eskaerak hautatzeko. Horretarako, emakumeak lan munduan pairatzen duten diskriminazioari erantzuteko, eta genero parekidetasuna bermatzeko, hurrengo kriterioak erabiliko dira:
a) Enpresa genero ikuspuntutik parekidea bada (gehienez 60/40), lan poltsa osatzen duten pertsonen artean zozketa egingo da, eta kontratazioak zozketa eta gero ezarritako ordenaren arabera egingo ditu.
b) Enpresa genero ikuspuntutik parekidea ez bada (ez du gutxienez 60/40 betetzen), lan poltsa osatzen duten pertsonen artean zozketa egingo da eta horren arabera zerrenda osatuko da. Orduan, zerrendako errenkara errespetatua, denei deitu eta lan poltsan daudela jakinaraziko zaie eta datuak osatzeko deitzen zaiela. Lan poltsaren prozesuari buruzko informazio ere emango zaie (lan poltsa hori datozen 4 urteetarako baliagarria dela, behin lan postu bat beteta, lan poltsako azken postuan kokatuko liratekeela horrela denek lan egiteko eskubidea edukitzeko…) eta dagokionean deituko zaiola. Dei horietatik, zerrenda kideak generoaren arabera ere identifikatu ditugunez, dauden postuak lehentasunez emakumeek beteko dituzte; tartean dauden gizonak momentuz baztertuak izango dira, eta zerrendako emakume kopurua amaitzen denean, gizonak kontratatzen hasiko dira, zozketa eta gero ezarritako ordenaren arabera.

9.- Enplegu komisioak hautagai bakoitzari komunikatuko dio lanpostua egokitu bazaio edo ez.

10.- Hautatuak izan ez direnek lan poltsan jarraituko dute etorkizunean lanpostu horretarako egon daitezkeen etorkizuneko
eskaintzetarako, eta poltsatik kontratatuak izan direnak, kontratua amaitzen zaienean, poltsan sartuko dira, azken postuetan.

11.- Lanpostu bakoitzarentzat eratu den lan poltsa, 4 urteko iraupena izango dute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.