Enpresa Barakaldoko Udalaren azpikontrata bat da, komunen, paperontzien, edukiontzien eta haur-parkeen garbiketa, saneamendu publikoa eta mantentze-lanak egiten dituena Bizkaiko hainbat udalerritan, besteak beste, Barakaldon. Azken horrek bost kontratu ditu enpresarekin.
Jarduera horrek berekin dakar lantoki bakoitzeko lan-baldintzak negoziatu behar dituela.
Enpresak Estatuko hitzarmen bat aplikatu izan du orain arte, benetako jarduera jasotzen ez zuena, kimikako hitzarmena hain zuzen. Gainera, hitzarmen hori ez da hemen negoziatu. Estatuko hitzarmena aplikatzeak beste enpresa batzuekiko abantaila eman dio udal-lizitazioetan, soldaten eta lan-baldintzen kostu txikia dela eta.
Duela gutxi, estatu-mailako enpresa-hitzarmen bat ezarri du, baina Bizkaiko lantokiko langileek ez dute sinatu.
Estatuko enpresa hitzarmenak okerrera egin du lan eta soldata baldintzetan. Gainera, enpresak plantillaren lan baldintzak aldatu ditu, okerragora. Aldaketa horiek epaitegian inpugnatu dira.
Langileek enpresari egozten diote lan-baldintzak inposatu eta okertu izana, eta behin eta berriz eskatu diote Bizkaiko lantokirako lan-baldintzak adosteko negoziazioak abiatzeko.
Enpresaren ezezkoaren aurrean, Bizkaiko udal-zerbitzuetan lan egiten duten eta Contenur enpresak kudeatzen dituen langileek egoera horren berri eman zioten Barakaldoko Udalari, udal hori baita zerbitzuen titular eta finantzatzaile nagusia, eta bere babesa bilatu zuten Contenur enpresaren aurrean.
Udalak aho batez onartu zuen enpresari Bizkaiko lantokirako akordio bat negoziatu zezan eskatzeko mozioa.
Era berean, langileek Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluari eskatu diote bitartekari izan dadila. Ekainaren 22an bilera egin zen egoerari buruz hitz egiteko. Bada, enpresak berriro adierazi zuen ez duela hitzarmen-akordio propiorik nahi. Etorkizuneko bileretarako hainbat data ere adostu ziren.
Plantillak lanuzteak deitu behar izan ditu. Lehenengoa gaur izaten ari da, 11:00etatik 14:00etara, eta mobilizazioan abiatu dira beharginak Barakaldoko udaletxera. Arratsaldean elkarretaratzea egingo dute udaletxean 17:00etatik 18:00etara, udalbatza egiten den unean, udalari bere erantzukizuna bete dezala eta gatazkaren konponbidean aktiboki parte har dezala eskatzeko.
Hurrengoa uztailaren 17a izango da, Barakaldoko Karmengo jaiekin bat etorriz, eta egun horretan egun osoko greba egingo dute, baldin eta Lan Harremanen Kotseiluan planteatutako negoziazioetan aurrerapenik ez badago.
Contenurrek bere betebeharrak bete behar ditu, hitzarmen propioa negoziatu behar du hemen eta atzera bota behar ditu inposizioak.

