2026-10-06
HomeEkintza SindikalaEskola garraioaren eta jolastokiko zaintzaileen gatazkari premiazko konponbidea emateko exijitzen diogu Hezkuntza...

Eskola garraioaren eta jolastokiko zaintzaileen gatazkari premiazko konponbidea emateko exijitzen diogu Hezkuntza Sailari

2026-2027 ikasturtea hasi baino lehen soldata gatazkari irtenbiderik eman ezean mobilizazioak hasiko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpe dauden Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko gaur egin den mahaian aurrerapen partzial batzuk egin dira. Hala ere, soldaten auziak irtenbiderik gabe jarraitzen du.

Bileran, patronalak, zehazki zerbitzuaren egungo esleipenduna den Interim enpresak, egoera ekonomiko oso kezkagarrian dagoela adierazi du, eta adostutako soldata igoerak bere gain hartu ezin dituela ziurtatu du, zerbitzuaren lizitazio publikoetan jasota ez zeudela argudiatuz.

LABetik argi eta garbi adierazi dugu plangintza edo enpresa-kudeaketa txar baten ondorioak ezin direla langileen bizkar jarri. Langileak ezin dira izan besteen akatsen ondorioak ordaintzen dituztenak, eta beren lan- eta soldata-baldintzak ezin dira okertu beraiei ez dagozkien erabakiengatik.

Zuzenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egozten diogu sortutako egoeraren erantzukizuna. Eskola-garraioko langileen eta jolastokiko zaintzaileen soldatak Hezkuntza Saileko lan-kontratudun beharginen soldatekin %100ean parekatuta daude. Eskubide hori erabat onartuta dago, eta ez dago zalantzan, ezta negoziazioaren mende ere. LABen ez dugu atzerapausorik onartuko urteetako borroka sindikalaren eta mobilizazioaren ondoriozko lorpenean.

Bereziki larria da, errealitate horren eta horrek dakartzan betebehar ekonomikoen jakitun izanik, Hezkuntza Sailak soldata-parekatze hori zerbitzuaren lizitazioetan behar bezala ez islatzea. Ez gaude ustekabeko arazo baten aurrean, baizik eta aurreikusi zitekeen eta aurreikusi behar zen egoera baten aurrean. Horregatik, langileek ezin dituzte ordaindu administrazioaren eta enpresa esleipendunaren planifikazio faltaren ondorioak.

Hori dela eta, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari exijitzen diogu berehala jarduteko eta behar diren baliabide guztiak jartzeko datorren ikasturtea hasi baino lehen konponbide bat bermatzeko.

Konponbide egokirik lortu ezean, ikasturtea mobilizazioekin hasiko dute EAEko eskola garraioko langileek eta jolastokiko zaintzaileek.

Euskal eskola publikoaren eskola-garraioa zerbitzu publikoa da, eta horren azken erantzukizuna Eusko Jaurlaritzari dagokio. Hori dela eta, exijitzen dugu bere ardurak bere gain har ditzala eta lan eta soldata baldintza duinak berma ditzala egunero zerbitzu hau posible egiten duten langile guztientzat.

LABen langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu eta ez dugu onartuko zerbitzu publiko honen kudeaketa eskasaren ondorioak beharginen gain jartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.