Sindikatuak 160 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu EHU sistemaren ardatz gisa kokatzeko, bere finantziazioa bermatzeko eta handitzeko, euskara bultzatzeko, langileen erreleboa bermatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzeko.
Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Unibertsitate Legea egiteko prozesuari ekin zion. Lege horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legea ordeztuko du. Gaur amaitu da lege aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta LABek 160 baino gehiago aurkeztu dizkio aipatutako aurreproiektuari.
Jaurlaritzak aurkeztu duen lege aurreproiektuak EAEn dauden unibertsitate pribatuen sistema hauspotu eta indartzeko araudi markoa ezarri nahi duela uste du LABek, unibertsitate publikoaren alternatiba gisa aurkezten baitu, “harmoniazko” unibertsitate-sistema planteatuz.
LABen ekarpenen helburu nagusia Euskal Herriko unibertsitate sistema publiko eta burujabearen bidean kokatzen den EAEko unibertsitate publikoa defendatzea da, euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan eman ahal izateko, EHU nazioarteko erreferentziazko unibertsitate publiko gisa finkatzeko, jakintza sortzaile gisa eta euskararen zein euskal kulturaren ezagutza, ikerketa eta transmisio sustatzaile gisa. Era berean, ezinbestekotzat jotzen da lege honen bidez indartzea, besteak beste, langileen lan baldintzak, unibertsitate publikoak izan behar duen aurrekontu zuzkidura nahikoa, euskararen hedapena, kontziliaziorako bermea, desmilitarizazio printzipioak edota unibertsitate pribatuei arlo guztietan exijentziak handitzea, unibertsitate publikorako exijentzietara hurbiltzeko (are gehiago finantzaketa publikoa jasotzen dutenean).
Testuinguru horretan, LABek lehentasunezkotzat jotzen dituen alderdi hauei loturiko ekarpenak aurkeztu ditu:
1. Hezkuntza sistema burujabe eta propioa: Unibertsitateen lege berriaren zioetan Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea jaso behar da, egungo hezkuntza sistemak dituen gabeziak (eskuduntzei eta ereduari dagokienez) onartuz eta horiek gainditzea xede izanik. Egungo estatus juridiko-politikoa gainditu, eta unibertsitateen eskumen osoaren transferentzia eta erabaki ahalmen osoa beharrezkoa direla jaso behar du legeak; besteak beste, bere langileen baldintzak arautzeko erabateko eskumena. Era berean, legeak Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratu behar du.
2. Finantzazioa: Unibertsitate publikoaren finantzaketa egokia bermatu behar da, gutxienez, EAEko BPGren % 1eko helburua ezarriz.
3. Plantillaren egokitzapena: Plantilla nahikoa izan behar da Irakasleen eta Ikertzaileen (IRI) zein Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZEL) arloetan euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua eman ahal izateko. TEKAZEL/IRI ratioa handitu behar da. Bestalde, irakasle ordezkoak ezinbestekoak dira bajek, baimenek, lizentziek eta abarrek sortutako hutsuneak betetzeko eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Egiturazkoak diren baina esternalizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko eta langileak subrogatzeko aukera legean txertatu beharra dago.
4. Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen karrera profesional horizontal zein bertikala jaso behar dira: TEKAZEL langileen lan ibillbideari eta eskarmentuari balioa eman behar zaie.
5. Irakasle eta Ikertzaileen karrera akademikoa: Unibertsitate “prestigiotsuetan” bi urteko egonaldiak egin beharra berrikusi eta birformulatu behar da, faktore ekonomikoak, kontziliaziokoak eta aukera-berdintasunekoak kontuan hartuta. Honekin lotuta, egonaldiak egiteko beharrezko finantzaketa ezinbestez bermatu behar da, langileen gastuak (klase arraka ez handitzeko) eta beharrezko ordezkapenak kontuan hartuta. Bestalde, baldintza honek IRIak iraunkor bihurtzeko eskubidea nabarmen zailduko luke, sail batzuetan irakasle berriak lortzeko arazoak areagotuz.
6. Irakasle eta Ikertzaileen soldata baldintzak: Ordainsariak exijitutako titulazioarekin eta irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta kudeaketa ekarpenekin bat etorri behar dira, irakasle-ikertzaileak erakartzeko eta beste sektore profesional edo lurralde batzuetara joan ez daitezen. Ordainsari osagarri guztiak finkatuak izan behar dira, eta oinarrizko soldata bezala eguneratu behar dira.
7. Unibertsitate pribatuen aldeko politikak mugatzea: Unibertsitate pribatuak ez dira aurkeztu behar unibertsitate publikoaren alternatiba baliokide gisa, eta ez dute arau-eskakizun txikiagoen onurarik izan behar funtsezko alderdietan; hala nola, karrera akademikoan, euskarazko irakaskuntza-eskaintzan, titulu berrien ezarpenean edo unibertsitate publikoan lehendik dauden titulazioen bikoizketan.
8. Euskararen babesa eta sustapena: Euskarak lehentasunezko tratua jaso behar du, euskaraz lan egiteko eta ikasteko eskubidea bermatzeko eta hizkuntza ofiziala euskara duten beste unibertsitate batzuekiko lankidetza eta harremana errazteko.
9. Euskal Herriko unibertsitateen arteko harremanen artikulazioa: Legean Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko harremanak lehenetsi behar dira.
10. Negoziazio kolektiborako eskubidea: Legezko langileen ordezkaritza sindikalarekin lan-baldintzak negoziatu behar dira, negoziazio kolektiborako dugun eskubidea errespetatuz eta soldatari zein enpleguari dagozkion gai guztiak hemen negoziatuz, Jaurlaritzak Madrilen adosten dena inposatu gabe.
Bukatzeko, LABek salatu nahi du oraingoz ez dela bete legeak entzunaldi publikoari buruz dioena. 6/2022 Legeak honela dio: “Entzunaldi publikoarekin batera, langileen ordezkariekin negoziatu beharko dira –edo kontsulta egin beharko zaie–, dagokion legeriak ezarritako gai-eremuen arabera, lan-baldintzen gaineko eta funtzio publikoaren legeriak zehaztutako gai jakin batzuen gaineko arau-egitasmoak betiere ez badituzte oinarritzat aurreko negoziazio batean lortutako akordioak”. Alta, unibertsitate legeak lan baldintzetan eragin garrantzitsua izango badu ere, sailburuak ez ditu sindikatuak bilerara deitu. Hortaz, izapideen hurrengo etapetan sailburuari sindikatuekin negoziatzeko markoak irekitzeko galdegiten dio LABek.

