Era berean, ohartarazi du ez duela onartuko eredu berriak langileen baldintzetan inolako kalterik edo murrizketarik eragitea.
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien finantzazio-sistema eguneratzeko akordioa iragarri dute asteon. Akordio horren arabera, udal euskaltegien finantzazio-sistema berria ezarriko da 2026-2027 ikasturtetik aurrera, eta hasiera batean lau ikasturterako indarraldia izango du. Sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko omen du, jarduera-unitateetan eta emandako eskola-orduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez.
LAB sindikatuak irmo salatzen du akordioan udal euskaltegietako irakasleen baldintzak aldatzeaz hitz egiten dela, baina ez zaiela ez langileei, ez euren ordezkariei, inolako berririk eman horri buruz. Ez zaie informaziorik helarazi; are gutxiago aldaketa horren diseinuan entzunak izateko eta iritzia emateko aukerarik eman ere. Akordioaren berri soilik hedabideen bitartez izan dute, jada sinatu dela publiko egin denean.
Udal euskaltegietako irakasleen eta beste langileen aipamen zeharo bazterrekoa eta despertsonalizatua egiten da, eurak diren arren udal euskaltegien jarduerari eta iraupenari eusten diotenak; are, udalek eta beste administrazioek euskaltegi horiekiko urteetan zehar erakutsi duten utzikeriari aurre egin behar izan diote kasu askotan. Udal euskaltegietako langileak ezin dira udal euskaltegiei buruzko edozelako akordioren subjektu pasibo izan. Udal euskaltegien nondik norakoez eurek duten ezagutza eta esperientzia ordezkaezina da, ezein arduradun politikok inoiz eskuratuko ez duena. Horregatik exijitzen du LABek udal euskaltegietako langileak eremu horren etorkizunaren protagonista nagusietakoak izatea.
Zehazkiago, eta iragarri den akordio honi begira, “sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko du, jarduera-unitateetan eta emandako eskola-orduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez”. Aldaketa horrek zertan datzan jakiteko informaziorik ez du jaso, eta informazio horren eske HABEra joko du LAB sindikatuak. Eredu berriak langileen baldintzetan inolako kalterik edo murrizketarik eragitea ez du inola ere onartuko.
Era berean, akordioak aipatzen du HABEren eta EUDELen arteko jarraipen-batzorde bat sortzea, udal euskaltegien etorkizuneko beharrei erantzuteko eta bi erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko. Halako esparru batean udal euskaltegietako langileak ordezkatuak egotea ezinbestekoa dela deritzo LABek; horregatik, jarraipen-batzorde horretan egotea ere exijitzen du.
LAB sindikatuak zalantzarik gabe bat egiten du akordioaren helburuarekin, hots, udal euskaltegien finantzazioa eguneratu eta egonkortzearekin. Berri positiboa da, udal euskaltegien eta bere langileen urteetako abandonuaren ondoren, administrazioa horiengan arreta jartzen hasi eta pairatzen duten egoera kezkagarria zuzentzeko neurriak hartzen hastea. Abandonu horren adierazle dira azken urteetan hainbat udal euskaltegi itxi izana, udal euskaltegietako langileen plantillak berritu ez izana edo bertako langileek pairatzen dituzten lan-baldintza ezegonkorrak.
Helduen euskalduntzearen sektoreak eta hainbat eragile euskaltzalek, tartean LAB sindikatuak, urteak daramatzate adierazten euskararen normalizazioan jauzi egiteko euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa beharrezkoa dugula eta horretan helduen euskalduntzeak ezinbesteko funtzioa betetzen duela. Soilik horrela lortuko da etxean edo hezkuntzaren bidez euskaldundu ez diren herritarrek ere euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatzea. Hori dela eta, euskara helduaroan ikastea doakoa eta irisgarria izan behar dela aldarrikatu du LABek behin eta berriz. Bada, horretan osagai garrantzitsuak dira udal euskaltegiak, helduen euskalduntzearen sektore osoaren zati garrantzitsua diren heinean.
Helduen euskalduntzearen sektorearen eta eragile euskaltzaleon presioaren eraginez, azken urteetan hainbat administrazio hasi dira aipatu norabide horretan neurriak hartzen. Horien artean koka genezake ezagutu berri dugun HABEren eta EUDELen arteko akordio hau. Baina sektoreak ez ditu partxe partzialak behar. Sektoreak planteamendu integrala behar du, anbiziotsua izango dena euskaldunak ez diren heldu guztiak euskalduntzeko neurrietan. Parte-hartzeari dagokionez ere inklusiboa behar du izan, sektorean diharduten pertsona eta eragile guztiak entzunak izan daitezen eta erabakietan zeresana izan dezaten.

