2026-10-09
HomeEkintza SindikalaAVIFESen lehenengo hitzarmena #LortuDugu

AVIFESen lehenengo hitzarmena #LortuDugu

Bizkaian gaixotasun mentala duten pertsonei eta haien familiei laguntzea xede duen elkarte honetan espainiar estatu mailako hitzarmenari lotuta egon dira orain arte, eta lorpen honekin lortu dugu sektoreko beste enpresen lan baldintzekin parekatzea.

Hamabi urte pasa dira AVIFESen lehendabiziko batzordea eratu zenetik, eta urte guztiotan estatu mailako hitzarmenaren menpe jardun izan dute langileek. Bada, 2025eko hauteskundeetara aurkeztu ginenean, LABen helburu bat geneukan: Bizkaiko Aniztasun Funtzionaleko hitzarmenaren alde borrokatu bitartean, AVIFESeko beharginen lan eta bizi baldintzak sektoreko beste enpresetan zeudenekin parekatzea. Hala, batzordean sartu eta horretan buru-belarri aritu izanaren ondorioz xede hori lortu izana ospatzen dugu, langileen borrokaren eta esfortzuaren fruitu izan baita.

Izan ere, hilabeteotan langileak antolatzen, asanbladak egiten, hausnartzen mobilizatzen eta eztabaidatzen aritu dira etengabe, eta horrek guztiak merezi izan du. Azpimarratzekoa da hori ez litzatekeela posible izango denok batera borrokan jardun ezean eta batasun sindikalik gabe.

2026tik 2028rako indarraldia izango duen hitzarmen honek hainbat hobekuntza biltzen ditu, tartean honako hauek: 60 orduko jaitsiera lanaldian, KPIa %3raino bermatuta izango duten soldata igoerak, bajak %100ean osagarritzea, antzinatasun kontzeptua ezartzea, lizentzien hobekuntza, erretiro partzialak eta euskalduntze prozesua.

Gainera, lorpenari garrantzia bikoitza aitortzen diogu, Bizkaiko Aniztasun Funtzionaleko lehen hitzarmenera bidean aurrera urratsa delako. Bada, sektore horretako langile guztien lan baldintzak duintzeko hitzarmen hori lortzeko borrokan segitzeko konpromisoan berresten gara LABen; izan ere, gogorarazten dugu sektore horretako beharginak pribatizatutako langile publikoak direla.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.