Nafarroan 1996ko legea ia ez da betetzen, eta ez betetzeek ez dakarte zigorrik enpresentzat. Nafarroako Gobernuak ez du enpresei legea betearazteko borondate politikorik eta honek enpresek araudia oro har urratzen jarraitzea dakar, Prebentzio Legea indarrean sartu eta 30 urtera.
Gaur egin da Baluarten Enpresa Osasungarrien Estatu mailako III. Kongresua, Nafarroako Gobernuak antolatuta. Gure gizartean “enpresa” eta “osasungarri” terminoak bateratzea oximorona edo gustu txarreko txistea izango litzateke, Nafarroa laneko ezbehar-tasaren buruan ez balego.
Nafarroako Gobernuak berak 2024-2026 Tafallako Eremuko Proiektu Pilotuaren memorian ondorioztatu zuen datuek egoera kezkagarria islatzen dutela enpresetako lan-arriskuen prebentzioaren arloan. %45ak ez ditu ebaluatu lanpostuetako zeregin espezifikoei lotutako arriskuak, eta %10ak soilik aztertzen ditu arrisku psikosozialak. Gainera, %5ak soilik ebaluatzen ditu arrisku ergonomikoak, nahiz eta arrisku horiek istripuen herena eta aitortutako gaixotasun profesional gehienak izan. Arrisku kimikoei dagokienez, enpresen %10ak soilik egiten ditu ebaluazio kuantitatiboak edo kualitatiboak.
Nabarmentzekoa da, halaber, atmosfera leherkorren arriskua duten enpresen erdietan arrisku hori ez dela islatzen arriskuen ebaluazioetan. Horrez gain, enpresen %30ak segurtasun-mekanismoak baliogabetuta ditu, eta estalkien %80 ez dira seguruak ibiltzeko. Azkenik, laneko arriskuen prebentzioa egitura hierarkikoan gutxi txertatzen da oraindik ere; izan ere, enpresen %19k baino ez du txertatuta, eta %22k soilik egiten du planifikatutako prebentzio-jardueren jarraipena.
Eskandalu honen aurrean, inork ez du erantzukizunik bere gain hartu, ez arduradun politikoek, ez enpresaburuek. Hori izanik diagnostiko ofizial dramatikoa, Nafarroako Gobernuak, azeleragailua zapaldu eta enpresa-politika kriminal horren aurka serio eta irmo ekin beharrean, kongresu bat antolatu du berriro, eta LAB sindikatuak galdetzen du: zertarako? Zer emaitza izan dituzte aurreko biek? Aski da marketinaz eta hitz onez.
Enpresek ez dute Prebentzio Legea beteko horretara behartuta ez badaude, enpresen borondate eza eta legearen egiturazko ez-betetzea nabarmenak dira. Egungo legearen erreforma berri batek ere ez du legea beteko denik bermatuko. Hogeita hamar urte nahikoak dira lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen sarraskiarekin amaitzeko.
Hori guztia gertatzen den bitartean, enpresek zigorgabetasun osoz jarduten duten bitartean eta langile-klasea laneko segurtasuna eta osasuna babesteko legezko betebeharraren aurrean babesik gabe dagoen bitartean, egunez egun leporatzen diete langileei absentismoa, iruzurra eta enpresen eta osasun-sistemaren bideragarritasuna kolokan jartzea. Datuek, ordea, arrazoia ematen diote LABi: absentismoaren buloa horixe bera da, patronalak sortutako gezurra bere jokabide arduragabea estaltzeko, bere miseriak ezkutatzeko eta, bide batez, nafar langileen eskubideak murrizten jarraitzeko.
Premiazkoa da Nafarroak ahalik eta azkarren bere gain hartzea Lan Ikuskaritzaren eskumena, eta honi baliabide nahikoak ematea modu eraginkorrean lan egin ahal izateko. Era berean premiazkoa da Nafarroako Gobernuak lema hartzea eta planto egitea patronalaren basakeria honen aurrean. Horregatik eskatzen du LABek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eskumen betearazle lotesleak eskura ditzala enpresek araudia bete dezaten.

